GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

agosti xahoren jaiotzaren II. mendeurrena

Agosti Xaho, abertzaletasunaren aitzindaria eta Aitorren sortzailea

Gaurko egunean jaio zen Agosti Xaho, duela bi mende, Atharratzen. Abertzaletasunaren aitzindaria izan zen, eta bereziki ikuspegi ezkertiarra eta Elizatik aldendua irudikatu zuen XIX. mendean. Aitorren kondairaren sortzailea izan zen, eta euskaraz argitaraturiko lehen aldizkaria sortu zuen. Gizon jantzia izan zen; idazle, kazetari, politikari, filosofo eta denaren gainetik euskaltzalea izan zena hobeto ezagutzen laguntzeko baliatu dute mendeurrena.

p006_f03.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Agosti Xaho gizon oparoa izan zen. Larunbatean Baionan Eusko Ikaskuntzak haren omenez antolaturiko jardunaldietan mintzatu ziren ikertzaile eta letra gizonetako bakoitzak Xahori buruzko iritzi eta ikuspegi bat azaldu zuen. Gaur duela bi mende sortu zen zuberotarraren izaera eta interes puntuen aniztasunak bere pertsona ezagutzeko puzzle bat osatzea bezalako lana eskatzen du.

Xabier Zabaltzak idatzi du atharraztarrari buruz argitaratu den azken lana, «Agosti Xaho. Aitzindari bakartia». Haren hitzek argi islatzen dute Xaho ezagutzeko zailtasuna: «Oso pertsona konplexua zen, denetarik zeukan: idazlea, kazetaria, etnografoa, profeta eta bereziki euskaltzalea zen». Arlo askotan egin zituen ekarpenen berritasuna ere nabarmendu zuen: «Iraultzailea izan zen, hor ez dago dudarik. Ortografian, hiztegigintzan, kazetaritzan, kantagintzan aitzindari izan zen».

Euskaltzaletasunak euskarari eta herriari loturiko lanen sorkuntzara bultzatu zuen. «Paroles d'un Biscaïen aux liberales de la reine Christine» eta «Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques» lanetan, abertzaletasunaren lehen oinarriak ezarri zituela diote. Ezkerreko ideiak argiki zabaltzen zituela kontuan izanik, ezkerreko abertzaletasunaren aitzindaritzat jo dute.

«Euskal nazioaren intuizioa agertu zuen bere lanetan, nazio elkartu eta solidarioa agertu zuen. Bidasoaren bi aldeetan herri bera dela idatzi zuen lehena izan zen», azaldu zuen Jean-Claude Larronde historialariak.

Bere ideia politikoak ez zituen literaturaren bitartez bakarrik agertu, politikaria ere izan zen, eta «L'Ariel» aldizkariaren bitartez ere zabaldu zituela azaldu zuen Larrondek, hala nola «sufragio unibertsalaren alde agertu zen».

Euskal Herriarekiko zuen maitasunak bultzatuta, ezkertiarra izanik ere, Bidasoaren hegoaldean karlista izatea egozten diote. «Beraren ustez, karlistek Euskal Herriaren askatasuna defendatzen zuten», adierazi zuen Larrondek. Xahori buruz tesia egiten ari den Fermin Arkotxak, aldiz, kontrakoa esan zuen: «Xaho ez zen karlista! Alta, foruen aldekoa zen, eta bere liburuarekin karlismoaren mitologian parte hartu zuen».

Mitologia sortzailea

«Haren pentsamenduan ustezko abertzaletasuna ia bigarren mailako osagai bat da, ez da garrantzitsuena», adierazi zuen, ordea, Zabaltzak. Eta gaineratu zuen: «Euskal Herria oso garrantzitsua zen berarentzat, baina liburu batzuk idatzi zituen erlijioari buruz. Xahok pentsatzen zuen azti bat zela, ia profeta bat. Hark esaten zuen historian azti batzuk izan zirela erreferentzia espiritualak izan direnak; historian garrantzitsuenak Buda, Kristo eta Xaho bera direla».

Euskal Herriarekiko eta erlijio edo esoterismoarekiko maitasuna sortu zituen euskal mitologiako pertsonaietan uztartzen direla esan zuen Zabaltzak: «Antzinateko erlijioak oso ondo ezagutzen zituen, eta batzuetan, Euskal Herriaz esaten dituen zenbait kontu ez dira hemengoak, hona egokituak baizik. Hori da haren originaltasunaren alderdi bat, Euskal Herria eta mundu maila nahasi zituela». Pertsonaia batzuk bere irudimenez sortu zituen. «Aitor bera errotik asmatu zuen, Herensugea asmatu ez zuen asmatu, baina hari buruz esaten dizkigun kontu batzuk asmatuak dira».

Erlijio katolikoari buruz, aldiz, erasoak izan ziren nagusi; antiklerikala izan baitzen. «Xahoren bi obra Vatikanoaren `Index'-ean debekatuak izan ziren 1948ra arte. Monarkia eta Eliza giza esklabotasunaren iturri zirela erraten zuen», argitu zuen Arkotxak.

Testamentua

Bizitzaren azken urteetan politikan aritzea debekatua bazuen ere, Xahok idatzien bidez zabaldu zituen bere ideiak. Bada pasarte bat, haren kezka sozialak eta abertzaletasuna argiki erakusten dituena, eta Arkotxak «testamentu» modukotzat duena: «Euskaldunek behar lukete erakunde nazional bat; arte eta zientzia sail guztiez osatutako akademia bat behar lukete, erran nahi baita zibilizazio independiente bat, heziketa ministeritza publiko bat, behar bada nehoiz ukanen ez duguna».

«Halaber, behar genuke euskararen erabilera esklusiboa eskoletan; gauza horien ondoan, liburutegiak, literatura, falta zaizkigun liburuak behar genituzke; hitz batez, ez dugun guzia eta nazio handiek mendeen laguntzari esker bakarrik lortu dutena behar genuke», adierazten du historialariak.

Datak

1811

Agosti Xaho Lagarde Atharratzen jaio zen.

1831

Parisera joan zen ikastera.

1834

"Paroles d'un Biscayen aux libereaux de la Reine Christine" eta "Paroles d'un voyant" liburuak argitaratu zituen.

1835

"Voyage en Navarre pendant l'insurrection des basques" liburua argitaratu zuen.

1843

Euskal Herrira bueltatu zen.

1844

«L'Ariel» aldizkaria plazaratzen hasi zen. Hastapenean literaturari buruzkoa zen eta politika gaiak jorratzen hasi zen gerora.

1847

"Histoire primitive des Euskariens-Basques" argitaratu zuen.

1848

Iraultza da Estatu frantsesean. Xaho kontseilari nagusia zen Paueko Parlamentuan Zuberoa Garaia ordezkatuz eta herri kontseilaria zen Baionan. Euskaraz osorik idatziriko "Uskal-Herriko Gaseta" sortu zuen.

1852

Gasteizera erbesteratu zen.

1853

Ipar Euskal Herrira itzuli zen politikan ez aritzeko baldintzapean.

1856

"Dictionnaire basque, français, espagnol et latin, d'aprés les meilleurs auteurs classiques et les dictionnaires des Academies française et espagnole" «M» letrara arte argitaratu zuen.

1858

Hil egin zen; ehorzketa zibila izan zuen lehen euskalduna izanik.

Pertsonaia historiko ezezaguna ezagutarazteko ekimen anitzak

«Jendeak badaki kai bat badela Baionan, eta karrika bana badituela Donibane Lohizunen eta Maulen, baina jende gehienak ez daki nor den», azaldu zuen Xahori buruzko tesia egiten ari den Fermin Arkotxak. Euskal Herriko historian garrantzia izan zuen gizona eta pertsonaia historikoa ezagutarazteko hainbat ekimen egin dira mendeurrenaren karietara. «Ezagutarazteko lanean hasi ginen Xahoren heriotzaren 150. urteurrenean, eta sentitzen da orain gehiago ezagutua dela, baina lan handia bada oraindik egiteko», gaineratu zuen Arkotxak. Esan eta egin: atzo Atharratzen, jai giroan, eta larunbatean Baionan, giro akademikoan, Xaho hobeki ezagutzeko parada izan zen.

«Nire ustez, gaur egun Euskal Herrian Xaho ez da batere ezaguna, eta ezagutzen dena askotan desitxuratuta dago», azaldu zuen Xabier Zabaltzak. «Erakunde publikoek ez dute Xahoren omenezko ekitaldirik antolatu, Eusko Jaurlaritza izan da bakarra», adierazi zuen Zabaltzak, Kultura Sailak argitaratu duen «Agosti Xaho Aitzindari bakartia. 1811- 1858» liburuaren idazleak. Errekonozimendu instituzionalik ezaren arrazoitzat honakoa azaldu zuen Arkotxak: «Xaho zaila da kokatzen, eta enbarazu egiten du, antiklerikal amorratua baitzen».

Lakuako Gobernuak Xabier Zabaltzak idatzi liburua euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez argitaratu du. Kultura Sailaren helburua didaktikoa bada ere, Zabaltzak bere lan laburraren xedea haratago eraman du: «Zenbait ideia ematen ditut, baina beste norbaitek hori sakonkiago ikertzeko ere botatzen ditut liburuan. Ikerketak bultzatzeko egin dut, oraindik testu akademiko bat falta zaigulako Xahoren gainean».

Ezagutzen sakontzeko xedea bazuen Eusko Ikaskuntzak larunbatean Baionan egin zuen omenaldiak. Han ziren Xahoren bizitza eta lana hainbat arlotatik ikertu dituzten adituak: Xaho esoterikoa azaldu zuen Joseph Zabalok, abertzalea aurkeztu zuen Jean-Claude Larrondek, kazetaria Fermin Arkotxak, ortografia sortzailea Battittu Coyosek, politikaria Xabier Ezeizabarrenak eta idazlea Elisabete Zubillagak. I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo