GARA > Idatzia > Kultura

Alberdik eta Martinek eskuratu dituzte final laurdenetarako azken bi zuzeneko txartelak

GARA | DONOSTIA

Asteburu erabakigarria izan da igaro berri den hau GPuntuan buru-belarri sartuta dabiltzan 42 bertsolarientzat. Izan ere, horietatik erdiek lortu dute final laurdenetarako txartela eta, zehazki, asteburu honetan Lasarte-Orian eta Irunen izan diren saioetan, Uxue Alberdi eta Alaia Martin izan dira puntu gehien eskuratu eta, beraz, zuzenean sailkatu direnak.

Lasarte-Oriako saioa larunbatean ospatu zen, Manuel Lekuona kultur etxean, eta bertan izan ziren, Alberdiz gain, Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Apalategi, Amaia Iturriotz, Oihana Iguaran eta Andoni Otamendi bertsolariak. Haitzol Olaiz gai-jartzaile zutela eta 500 pertsona ingururen aurrean txukun aritu ziren bertsolariak, baina erraz gailendu zen Alberdi: 503 puntu eskuratu zituen elgoibartarrak, Agirreazaldegi izan zen bigarren 478 punturekin eta hirugarren geratu zen Apalategi, 475 punturekin.

Alaia Martin garaile, Irunen

Lasarte-Oriako saioaren ostean, Irunen izan zen jokoan, atzo, final-laurdenetarako azken txartela. Alaia Martin garaileaz gain, saioan Asier Sasieta, Haritz Casabal, Iñaki Zelaia, Manex Mujika eta Urko Egaña aritu ziren bertsotan, Amaia antzokian, gai-jartzaile lanetan Egoitz Aizpuru izan zutela.

Martinek 504,5 puntu lortu zituen eta, Lasarte-Orian gertatu bezala, itzelezko tartea atera zion bigarren sailkatuari; 459,5 puntu eskuratu zituen Casabalek eta 450,5 puntu, hirugarren postua lortu zuen Egañak.

Saioaren hasieratik jardun ziren bertsolariak publikoaren arreta erakarri nahian eta horiek ederki erantzun zuten, batez ere zortziko txikian, umorea bilatu eta txalo zaparrada ederrak jaso baitzituzten. Kartzelako gaia «Kalera irten eta paseoan zoazela, nahi ez zenuen leku batera iritsi zara» izan zen eta, hala, etorkinak, ludopatak, hilerri kontuak edota biolentzia matxista hartu zituzten gaitzat.

Azken bi saio hauen ostean, finkatu da final laurdenetara pasa den 24 bertsolariko taldea. Guztiak ikusteko zein GPuntuaren hurrengo saioen berri izateko, sartu www.gpuntua.com helbidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo