Aizkora | Euskal Herriko Bigarren Mailako finala
Otaño berriro ere onenekin aritzeko moduan izango da
Ibarrakoak jantzi zuen txapela, eta berarekin batera Rekondok lortu zuen Lehen Mailara igotzeko txartela.
Jon LEUNDA
Ez zen ezusterik izan atzo Asteasun. Unai Otañok jantzi zuen Bigarren Mailako txapela. Berarekin batera, Jon Rekondok eskuratu zuen datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela. Biak ziren faborito garbiak, eta bietako inork ez zuen hutsik egin. Hortaz, datorren denboraldian berriro ere onenekin arituko dira aipaturiko bi aizkolariak.
Jende asko batu zen Asteasun finala zuzenean ikusteko asmoz. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu behar izan zituen; Lehen Mailako finalean izango den lanaren erdia izan zuten. Finalean aritzekoa zen Zaldua ere, baina ez zen jardun, min hartuta dagoelako; bere ordez kanporaketan zazpigarren geratu zen Mugertza III.a aritu zen.
Otaño nagusi izan zen atzoko finalean. Ibarrakoa Lehen Mailan bigarren ere izandakoa da, baina bi urte zigortuta pasa ostean, hutsetik hasi behar izan zuen, eta berriro ere onenen artera heldu da. Atzoko saioa kontrolpean izan zuen, eta amaieran minutu eta erditik gorako tartea atera zion Rekondori.
Azken honek iaz galdu zuen Lehen Maila, eta ez du denbora asko egin bigarrenean. Bolada onean dago. Atzo saiatu zen Otañori eusten, baina ez zuen lortu. Atzekoak urrun samar zituela ikusten zuen gainera, eta bigarren postu horrekin konformatu zen, horrek ere sari bikaina ematen baitzuen. Erasun gazteak osatu zuen podiuma. Badirudi orain dela urte pare bat zuen freskotasuna berreskuratu duela, eta 21 urterekin beste urrats bat egiteko gogoa igarri zitzaion. Nafarroako Lehen Mailan finalean sartu da, eta Euskal Herrikoan ere mailaz igotzetik ez da oso aparte geratu.
Amaieran, Unai Otaño gustura zegoen: «Gustura aritu naiz. Denbora ere ona egin dudalakoan nago. Bi urte eta gero dezente kostatu zait nirera itzultzea, baina honek aurrera egiteko indarra ematen du», esan zuen.
Atzo emakumezkoen Euskadiko Lokotx-Biltze Txapelketa ere jokatu zen Asteasun, eta Maika Ariztegik berriro ere txapela jantzi zuen.