GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Atzerrian ari diren euskal futbolariak

Pascal Elisalde: «Ni edonon jokatzeko prest nago»

Ziburuko atezainak garbi du Espainiako Ligan diru gehiago eskaintzen dutela, baina kobratzeko garaian Frantzian askoz ere arazo gutxiago dagoela.

p035_f01-148X140.jpg

Jon LEUNDA

Pascal Elisalde atezain lapurtarrak 24 urte besterik ez ditu, baina eskarmentu handia dauka futbol munduan. Estatu frantziarreko eta espainiarreko ligak ederki ezagutzen ditu. Egun, Cognac taldean, CF2 mailan, ari da jokatzen, Espainiako Ligan Hirugarren Mailarekin pareka daitekeen mailan, hain zuzen.

Ziburukoa da sortzez, eta bertan hasi zen jokatzen. Hortik Avironera joan zen. Gero Tolosak fitxatu zuen eta hor aritu zen lehen taldera iritsi arte. Gero Avironera itzuli zen, baina Baionan ez zuen bereganakonahikoa konfiantza aurkitu, eta, horren ondotik, Eibar, Real Union, CD Logroñes, Cerro de Reyes, Beasain, Tarbes eta Cognac taldeetan aritu zen. Eskarmentu hori baliatuta, bi ligen artean aldeak badirela uste du: «Jokatzeko eran ez dago alde handirik. Euskal taldeen era Frantziako Ligan zein Espainiakoan aritu, berbera da; bi kasuetan lekuaren arabera aldatzen da. Espainiako Ligan diru gehiago ordaintzen, edo, hobeto esanda, agintzen dute, Frantziakoan baino. Espainian, ordea, kobratze hori ez da oso segurua izaten, Frantziako taldeetan, aldiz, badakizu kobratuko duzula; hor dago aldea. Askotan hobe da 800 euro irabaztea, baina seguru kobratuz, 3.000 euro agindu eta kobratu gabe geratzea baino. Euskal futbola beste kontu bat da. Bai Hegoaldean bai Iparraldean, beste leku batzuetan baino gutxiago irabazten da, baina hilaren amaieran beti kobratzen duzu, eta hori ere segurtasun handia da».

Aurten izan ditu goragoko mailetara igarotzeko aukerak, baina Cognacen geratu nahi izan du: «Ia Tarbesekin egina neukan, baina azkenean arazo batzuk izan ziren eta hona itzuli nintzen. Oraindik 24 urte ditut, eta futbola eta ikasketak uztartu nahi nituen; Cognac izan da, biak batera egiteko erraztasunak eman dizkidan talde bakarra, eta horregatik aukeratu dut», adierazi zuen Pascalek.

Horretaz gain, badu Cognacen beste kontu bat ere, bertan geratzeko balio izan diona: «Hemengo entrenatzailea David Marraux da, Nantesek bere garairik onenean izan zuen atezaina; Frantziako onenetakoa izan da. Ikaragarri daki, sekulako entrenatzailea eta pertsona da. Berarekin ikaragarri ikasi dut, eta hori ere kontuan hartu nahi izan dut aurten erabakia hartzeko».

Ipuruara

Etxera itzultzekotan, badu talde bat bihotzean geratu zaiona. «Etxera itzultzekotan, Real Union, Aviron... edozein taldetara, baina gustuen Ipuruara itzuliko nintzateke. Ikaragarri gustatu zitzaidan Eibar». Profesionala izanik, edozein lekutara joateko prest dago: «Politena etxean aritzea da, baina hori zaila da, eta edozein lekutan aritzeko prest egon behar dugu», onartu du.

CD Logroñesen ezagutu zuen futbolak duen alderik garratzenetako bat

Elisaldek jadanik lehiatzeari utzita dagoen CD Logroñes taldean ezagutu zuen futbolak duen alderik itsusienetakoa.

«Ni bertan aritu nintzen urtean utzi zion lehiatzeari CD Logroñesek, nahiz eta hori gertatzerako alde egin nuen. Hilabete eta erdiko soldata bakarrik kobratu genuen, eta falta denak horrela beharko du. Jokalarien artean sekulako giroa izan genuen, batasun handia izan zen geure artean», azaldu du. «Urte txarra izan zen. Handik Cerro de Reyesera joan nintzen, baina hilabete bakarrik iraun nuen. Gero, Beasainera etorri nintzen, baina partida bakarra jokatu nuen. Gauzak ez ziren ongi atera», onartu du. J.L.

Ikasketak

«Oraindik 24 urte ditut eta futbola ikasketekin uztartu nahi dut. Alde horretatik, Cognac izan da erraztasun gehien eman dizkidan taldea. Horregatik geratu naiz hemen».

Euskal taldeak

Iparraldeko eta Hegoaldeko taldeen artean ez dago jokatzeko eran ezberdintasunik. Kobratzeko garaian ere Euskal Herrian ez dago inongo arazorik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo