GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lekunberri, jaien zerrendan azkenekoa

Udazkenean sartu arte itxoiten dute Lekunberrin jaiak ospatzeko. Nafarroako herri nagusien artean azkenak izanda, festazale ugari inguratuko dira ziur asko. Atzo piztu zuten suziria, arratsaldeko zortzietan, festei hasiera emateko. Erretiratuek, ordea, eguerdian ekin zioten jaiari, herri bazkaria eginda. Igandea iritsi bitartean, festa izango da nagusi lekunberritarren artean, guztiontzako aproposak diren ekitaldiz beteriko egitaraua prestatu dute-eta.

p017_f02_250x132.jpg

GARA | LEKUNBERRI

Eguzkiak oraindik bereari eusten badio ere, dagoeneko udazkenean sartuta gaudenean, herriko festak hasi zituzten atzo Lekunberrin, Nafarroako herri nagusietan ospatzen diren jaien artean azkenak.

Ezohiko ordutan pizten dute Lekunberrin jaiei hasiera emateko suziria, atzo arratsaldeko zortzietan izan baitzen, dagoeneko eguzkia ezkutatu, eta iluntzen hasi denean.

Halere, erretiratuek dexente lehenagotik hasiak zituzten jaiak, musikaz alaitutako bazkaria egin baitzuten eguerdian, Ayestaran hotelean.

Gazteenak, berriz, suziriaren ondoko zezensuzkoak bereak egin arte zain. Ondoren, karpan afaria egin zuten gazteek, eta gauerdian erromeria izan zuten Vendetta eta Laiotz taldeekin.

Pilareko Amaren eguna dute gaur, jaietako nagusia, eta dianarekin hasiko dute, 09.30ean. Meza nagusia izango da 11.00etan, eta eguerdian erraldoiak ibiliko dira herrian. 13.00etan aizkolariak arituko dira.

Arratsaldean herri-dantza erakustaldiak izango dituzte, baita pilota partidak ere frontoian. Apezetxea eta Galartza Ongai eta Zabaletaren aurka arituko dira lehen partidan eta Titin III.a eta Barriola Lasaren eta Zubietaren kontra bigarrenean.

Arratsaldeko zazpietarako, Lekunberri TV saioa iragarrita dago, eta 20.00etan bertso saioa hasiko da karpan. Amets Arzallus, Julio Soto eta Maialen Lujanbio arituko dira bertan, eta Arkaitz Goikoetxea izango dute gai-jartzailea.

Behin gauean sartutakoan, musika. Anerrekin 21.30ean, eta Distrito Federal taldearekin gero, mariatxi festa hasiko baita gauerdian.

Biharko ekitaldien artean, aurten jaiotako haurren lepoko zapia jartzea izango da hunkigarriena, 12.15ean, Lekuberriko udaletxean. Haurren Eguna izanda, puzgarriak izango dituzte goizean eta arratsaldean. Helduek, berriz, herriko tabernek antolatzen duten pintxo eguna izango dute gozatzeko eta erretiratuek 20.00etan hasiko den mus txapelketa. Egunari amaiera ipintzeko, DJ Gordonekin dantzaldia izango dute.

Igandera arte ez dira amaituko Lekunberriko jaiak. Nafarroako azkenak badira ere, oraindik bada gozatzeko aukera aparta.

pilare eguna

Pilareko Amaren eguna ospatuko dute gaur Lekunberrin. Dianak, meza, erraldoiak, dantzariak, pilotariak, telebista saioa, bertsolariak, musika eta mariatxiak izango dituzte egunean zehar.

haurren eguna

Haurren Eguna izango dute bihar. Iragarritako jardueren artean, aurten jaiotakoei lepoko zapia jartzea da hunkigarriena. Ekitaldia 12.15ean hasiko da Lekunberriko udaletxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo