GARA > Idatzia > Kultura

Lurdes Iriondo eta Xabier Lete omenduz, zubiak eraiki dituzte artista eta entzuleek

Euskal kantagintzan erreferente diren Lurdes Iriondo eta Xabier Lete diskoei esker ezagutzen dituzten belaunaldi gazteentzat eurengana hurbiltzeko aukera polita izan zen; helduagoek, aldiz, gaurko kantariak eta estiloak aditu zituzten. Atzo, Iriondoren herrian, Urnietan, eta bikotea ezkondu zen egun berean egindako kontzertua omenaldi hunkigarria ez ezik, elkargunea ere izan zen une goxo horiek partekatu zituzten askotariko artista zein entzuleentzat.

p040_f01_199x112.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

60, 70, 80 eta 90eko hamarkadetako artistek partekatu zuten oholtza eta oholtza atzea, hagitz estilo ezberdinetako kantariek eta bertsolari batek. Aitzinean ere denetariko publikoa zuten, Xabier Leteren eta Lurdes Iriondoren kantuak bertze aho batzuetatik eta bertze modu batean aditzeko gogotsu. Eta osagai hauekin guztiekin pentsatzekoa zen bezala, hagitz giro berezia sortu zen.

Arratsaldeko soinu proba eta entseguen ondotik, afari baten bueltan elkartu ziren artistak -Eñaut Elorrieta, Pier Paul Berzaitz, Arantxa Irazusta, Antton Valverde, Petti eta Amets Arzallus-, eta gero, 22.00ak aldera ekin zioten kontzertuari Urnietako kiroldegian. Amets Arzallus hasi zen bertso moldean kantari. Oiartzungo poetak bertso zaharrak bildu eta berrargitaratzen zituenez, Xalbadorren eta Xenpelarren sorta bat abestu zuen Hendaiako gazteak, bertso berriak tartekatuz. Iruñeko eta Baionako kantaldietan ere parte hartua zen eta, adierazi zigunez, esperientzia ezberdin samarra izaten ari da zirkuitu hau berarentzat, giroagatik, formatuagatik nahiz jendearengatik. Berzaitzekin, adibidez, lehenbiziko aldiz elkartu zen.

«Normalean bakoitzak bere bidexka egiten dugu eta elkartzean sortzen diren giroa, umorea eta hizpide sakonagoak eskola ona dira niretzat», adierazi zuen. Ez zuen Lete zuzenean kantuan ikusi, Iriondo are gutxiago, baina erreferentzia dira berarentzat, sormenerako iturri, eta benetan esperientzia estimagarria eta polita iruditzen zitzaion eurengana hurbiltzeko eta euren hitzak mamitzeko modu hau.

Zauriak ixteko

Eñaut Elorrietak ere elkarguneak eta zubiak izan zituen hizpide eta erran zuen Euskal Herriaren eta euskararen inguruan ere batzen ari direla kontzertuotan eta hori nabaritu egiten dela jendearen gosean. «Sentsazioa daukat agertoki gainean eta publikoan sentsibilitate ideologiko ezberdinetako jendea biltzen ari garela, eta Euskal Herrian bizitzen ari garen garai berezi honetan kantua era eder bat izan daiteke zauriak ixten hasi eta zubiak eraikitzeko».

«Ni naiz», «Izarren hautsa» eta «Nik ez dut amets handirik» kantu berriak estreinatu zituen gernikarrak. Jatorrizko bertsioen oinarria errespetatuz, aire berria ematen eta gaurko euren estiloarekin bustitzen saiatu dira Beñat gitarra-jotzailea eta biak, Leteren lagunekin elkarlanean. Txikitatik entzun ditu atzoko bi omenduen diskoak eta Ez Dok Hamairuko kantuak, eta Ken Zazpiren ibilbidean ere nabari da euskaraz kantuak sortu zituzten lehenetariko artista hauen eragina. Elorrietarentzat ere erreferentzia dira eta plazerra da kantuen eta inguruko lagunen bidez hurbiltzea.

Tiriki tauki tauki...

Antton Valverdek bai, ezagutu zituen Xabier Lete eta Lurdes Iriondo. Atzo oholtzan izan zirenetatik harreman handiena izan zuena zen eta, aitortu zigunez, ikaragarri pozten da Lete zein poeta, kantari eta pertsona maitatua den ikusita. Leteren «Amore amore» eta «Gizon arruntaren koplak» eta Iriondoren «Tiriki tauki tauki» abestia kantatu zituen. Bitoriano Gandiagaren hitzei jarri zien musika urnietarrak kantu honetan. Hitzok Jorge Oteizak hariak zizelarekin lantzean ateratzen zuen soinua adierazten zuten.

«Haur andaluz bati sehaska kanta», «Itsasoko urak haundi dire» eta «Izotz ondoko eguzki» izan ziren entzuleen belarriak goxatu zituzten bertze abesti batzuk. Arantxa Irazustak interpretatu zituen, «sentitu bezala, aldaketa handirik gabe». Argitu zuenez, moldaketak ere lehendik Leterentzat eginak ziren. Andoaindarrak ez zuen aspaldi estilo honetan kantatua eta «gozada bat» izan zen berriro musika eta hitz hauek kantatzea, baita musikariekin elkartzea eta «jendearen erantzun izugarria» ere.

Giro intimo eta goxoa zuten, baina Irazustak etxetik hurbil kantatu behar zuen, ezagunen artean, eta horregatik urduritasun puntuarekin zegoen. Petti ere bai, seigarren edo zazpigarren kontzertua bazuen ere. Beratarrak «Altzateko Jaun», «Euskal Herri nerea», «Haizea dator iparraldetik» eta «Lore bat, zauri bat» ekarri zituen bere blues-soul estilora.

Kantu hauek zuzenean gozatzeko gogoz sumatzen dute jendea; gero eta gazte gehiago dira gainera, eta birarekin segituko dute, ahalik eta leku gehienetara iristeko.

MAITATUA

Xabier Leteren omenez Euskal Herri osoan egiten ari diren ekitaldiotan giro berezia sortzen da, eta antolatzaileak eta parte-hartzaileak kontent daude zenbat jarraitzaile dituen eta zein maitatua den ikusita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo