GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Pako Sudupe, Amagoia Etxeberria, Peio Egaña, Antton Elorza

Hernaniko udaletxean Bilduko gobernu taldea euskaraz lanean

Oso berri ona da jakitea Bilduk serio hartu duela administrazioa eta euskara uztartzeko lantegia. Bazen garaia! Gure aldetik, ezer baino lehen: Zorionak!, eta, arren, oztopoak oztopo, eutsi hasitako bideari, gure esker ona izango duzue eta.

Espainiako Estatuak ez du Madrilgo Parlamentuan euskararik onartzen, ez katalanik eta ez galegorik, hizkuntza bakarra inposatzen du, eta gaztelaniaren inposizio erabateko hori Konstituzioan dago jasoa batere lotsarik gabe: espainiar guztiek dute gaztelania jakiteko eskubidea eta betebeharra. Madrilen bakarra eta gurea bezalako nazioetan toleratu egiten du bertako hizkuntza nazionala, betiere gaztelaniaren eskubide ahalguztidunak ukitu gabe, eta hortik datorkigu beti gaztelaniaren alde funtzionatzen duen sasielebitasuna.

Askotan pentsatu izan dugu, besteri hizkuntza-eskakizunak ezartzeko gupidarik ez duten politikariek noiz hartu behar dute benetan aintzat euskara eta hautetsi izateko baldintza ezinbesteko gisa jarri euskara jakitea?

Bada, ez, Euskara Normalizatzeko Legea onartu zela 30 urte beteko diren honetan, badirudi beste 30 urte jarraitu nahi dutela hautetsi elebakarrak bideratzen administrazioetara, eta ondorioz, arazoak sortzen, jantziak urratzen, erabat eskandalizatzen, noiz eta gobernu taldeak har litekeen erabaki eredugarri eta txalogarriena hartu duenean: Udaleko gobernu organoetan euskaraz funtzionatzeko erabakia. Nolatan uko egin diezaiokete bi hizkuntza ofizialetako batean lan egiteari?

Ez gara sartuko eztabaidatzen egia nork dioen, erdarazko dokumentazioa ukatu zaiela diotenek ala horrelakorik ez dela gertatu diotenek; guk irmoki baieztatzen duguna da euskararen normalizaziorako oso garrantzitsua dela udal administrazioak euskaraz funtzionatzea, eta ez dugula ulertzen «Euskadi da euskotarren aberria» delakoaren jarraitzaileek eta H1-ek bat egitea sasi-elebitasunaren aldekoekin, elebakartasunaren aldeko jokabidea indartzen lagundurik.

Euskarak duela 30 urte arte lege guztiak aurka izan ditu administrazioan, eta egun ere gaztelania da dena alde duena eta euskara bigarren mailan dagoena, eta behin hasiko indar pixka bat hartzen, eta hegoak moztu nahi!

Jarraitu zuek tinko hartu duzuen erabaki horretan, euskal nazioa aintzat dugunok zuekin baikaude, eta eskertuko baitizuegu.

(Gutun hau honako hauek ere sinatzen dute: Xabier Lasarte, Mikel Arrieta, Mikel Erauntzetamurgil, Oier Agirresarobe, Andoni Tolosa, Jokin Nazabal, Jon Ugutz Iraola eta Joxe Mari Auzmendik)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo