Beñi Agirre Euskara irakaslea
30 eskubide zabor, Ararteko
Hogeita hamar artikulu dira giltza. Izen horrekin jaso nuen herriko erakunde publiko batetik beste hainbeste oharrez osatutako liburuxka. Berde pistatxoa, oso dotorea. Bost hizkuntzatan idatzia, aurreneko idazkera euskara duena denetan, estimatua da.
Nazioarteko jendeari eta emigranteei zuzenduta dagoen eskuliburuan, edonork goza ditzakeen eskubideen artean honakoak aitortzen dira: «Esklabotzaren mende ez egoteko eskubidea»; «Torturarik ez jasateko eskubidea», gaztelaniaz zorrotzago: «Nadie será torturado» (?); «Bidegabe atxilotua ez izateko eskubidea»; «Lanerako eskubidea»; «Atsedenerako eskubidea»...
«Nazionalitatea izateko eskubidea» eta «Kulturarako eskubidea» dira beste batzuk. Hara! Guk euskaldunok ez dugu nazionalitatea edo herritartasuna aukeratzeko eskubiderik, eta emigranteek bai? Kulturarako eskubide omen den horretan, berriz, ez da esaten bertakoon hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko eskubidea dutela. Are gehiago, liburuxka horretan ez da aitortzen inon euskararako eskubiderik.
Ararteko jauna, eskubide horiek betetzeko eta zaintzeko ardura duten funtzionarioek baieztapen zorrotz horiek zaborrera botatzen dituztenean, eta botatzeagatik inongo ondoriorik jasaten ez dutenean, eskubide horiek, Iñigo lagun, zabor-eskubide besterik ez dira.