Lander Garro | Idazlea
Bazterrekoak
Interesgarria da oso ikasleak euren zinezko gaitasunaren arabera neurtzeko sortu duten heziketa metodo berria. Agian, ez duzue horren berri; normala da, mundu zibilizatura baino ez baita iritsi (hona ez). Korronte berri honek garai bateko nota bidezko ikasketak baztertu ditu. Akats historiko larrienetakoa izan da ikasleak apeta hutsez baztertzea, heziketa sistemaren endogamiagatik baino uler ezin litekeena. Zer behar dugu? Galdetu diote euren buruari, eta erantzun hau aurkitu dute: talentua behar dugu. Talentua, noski, ez dago «urrunera» iristen diren ikasleengan soilik, hezkuntza sistemak hala sinetsarazi nahi izan digun bezala. Talentua, batik bat, bazterrean geratzen direnen artean dago. Arrazoi bategatik: talentuak berez dakar arauak dudan jartzea, mugak hautsi nahi izatea. Libre izatea. Arauak estu onartzen dituztenak, ordea, ikasteko onak dira, memorizatzen apartak dira, baina gero irudimena eta ausardia falta zaie. Jakintza zenbakitan jarri eta jokabideak zigortzeko sistema hura, ikasleak ia bokazioz kanporatzeko joera hura, desagertu egin da. Neuk, eskola askotatik kanporatua izan nintzen honek, badut arrangura txiki bat, eta plazerez irakurtzen ditut horrelako albisteak. Mendeku txikia da. Ez naiz galdutako talentua naizenik esaten ari: halako harrokeriarik! Baina badut etorkizunean bazterrean gera litezkeen horiekiko elkartasuna. Lastima, geure hezkuntza sistema oraindik ere horren autoritario agertzea, duela mende baten gisan (baina pajaritarik gabe). Badakigu nahikoa lan dutela langabeak eta igeltseroak sortzen. Hori dute zinezko bokazio. Eskola baten printzipioa irakastea dela uste baitute, baina eskola baten lehen printzipioa ikastea da.