GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autismora hurbiltzeko keinuak eskatuz abiatu du kanpaina Gautenak

Autismoa duten pertsonei eta horien familiei laguntza ematen die Gautenak 1978. urtetik. Aste honetan aurtengo sentsibilizazio kanpaina aurkeztu dute Donostian, «Hurbil zaitez autismora. Batzuetan, keinu batek mila hitzek baino gehiago balio du» goiburupean.

p016_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

«Hurbil zaitez autismora. Batzuetan, keinu batek mila hitzek baino gehiago balio du»; horixe da Gautena Gipuzkoako Autismo Elkarteak 2011ko sentsibilizazio kanpainarako hautatutako goiburua. Mezu horren bidez, autismoaren benetako esanahia ezagutzera gonbidatu nahi du gizartea, eta, horretarako, gaitz horrek jota dauden pertsonengana eta horiekin egunero bizi diren familiengana hurbiltzeko keinuak proposatzen ditu.

Asteartean eman zuten kanpainaren berri Donostian. Bertan azaldu zuten «autismoa» oso hitz erabilia dela, hain erabilia non benetako esanahia galtzeko eta benetan zer esan nahi duen ez ulertzeko arriskua baitago. Gautenako lehendakariorde Juan Felix Palaciosek gogorarazi zuenez, «oso garrantzitsua da herritarrek autismoa duten pertsonak ulertzea eta horiengana hurbiltzea, eskubide osoko biztanleak izan daitezen». Izan ere, familiei laguntzeko zerbitzuko arduradun Jimmy Brosak nabarmendu zuenez, legez, «autismoa duten pertsonen beharrei erantzutea ez da soilik solidario jokatzea, baizik eta justizia egitea». Keinu nagusia autismoak jotako pertsonengana eta horien familiengana hurbiltzea da.

Gautenaren ikerketa-eremu nagusietako bat autismoak jotako pertsonekin komunikatzea errazten duten hizkuntzak bilatu eta ezartzea da. Azpimarratzekoa da berriki aurkeztutako e-Mintza proiektua, gaitza nozitzen dutenekiko komunikazioa errazteko balio duen aplikazio informatiko librea.

Hitzaldi zikloa

Kanpainaren aurkezpena autismoari eta buru-osasunari buruzko hitzaldi ziklo batekin bat dator. Gaur bertan izango da lehendabiziko hitzaldia -«Cuestiones sobre salud mental en el autismo en base a investigaciones llevadas a cabo en el Reino Unido»-.

Bigarren hitzaldia urriaren 27an izango da -«La afectación psiquiátrica de las personas con autismo»- eta hirugarrena, azaroaren 10ean -«Mitos y realidades sobre el autismo en base a las últimas evidencias científicas»-. Guztiak Donostiako Andia kaleko Kutxaren Areto Nagusian izango dira 19.30etan.

IKERKUNTZA

Diziplina anitzeko ikerkuntza nahitaezkotzat jo zuten, detekzio-sistemak hobetzeko eta osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloetako sare publikoen prestakuntza eta sentsibilizazioa handitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo