GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Aldaketa fiskalaren beharra, gero eta argiago

ELA euskal sindikatuak fiskalitateari buruzko txostena aurkeztu zuen atzo, eta ezkor agertu zen. Txostenak berretsi egiten du herri honetako hainbat indar sindikal, politiko eta sozialek aldarrikatzen dutena, enpresen eta kapitalaren errenten presio fiskala handitu beharra dagoela, hain zuzen. Fiskalitatearen aldaketa hori ezinbestekoa da, ELAren ustez, enplegua sortzeko. Azterlanaren beste ondorio bat iruzur fiskalaren gainekoa da, eta erakusten duenez, iruzur gero eta handiago hori lanekoak ez diren errentei dagokie. Hartara, presio fiskala ondo banatuko duen erreforma baten beharra argi samar gelditu da; hala ere, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz beldur da ez ote diren patronalak nahi dituen neurriak onartuko, nahiz eta oraingo egoera kaskarra patronalaren esanetara egindako politiken ondorio izan. Bestalde, presio fiskala handitu beharra ez da herri honetako gehiengo sindikalaren irudipen hutsa, presio hori handiagoa den herrialdeetako ekonomia eta enplegua hobeto baitaude. Hego Euskal Herriko presio fiskala Europakoa baino dezente txikiagoa da, eta aldea handitu egin da urteotan; ondorioz, ogasunen zerga-bilketa murriztu egin da eta Lakuako Gobernua eta aldundiak defizitari eutsi ezinik daude. Confebaskek, aldiz, enpresen kotizazioen murrizketan oinarritutako erreforma nahi du, sistema fiskal bidegabe bat bidegabeago egingo lukeena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo