Oihana Llorente Kazetaria
Bide ilunak aurkituz
Gudari Egunaren testuinguruan jakin genuen hamabi urteko bideari agur esan eta bere burua desegin duela Ekinek. Pozarren hartu dute eragile gehienek berria. Hala behar du; izan ere, etortzekoak diren erronkei gogoz eusteko asmoz desegin du bere burua.
Ekinek maiz erakarri du komunikabide anitzen arreta. Nahi baino sarriago askotan. Bertako militanteak, gainera, deabrua balira bezala tratatuak izan dira gehienetan, azken hilotan bereziki.
Antolakunde honetako militanteak, ordea, albistegi eta egunkarietako azaletatik urruti, urrutiegi maizegi, inurri kolonien antzera aritu dira lanean. Herriarekiko maitasunak bultzatuta eta konpromisoa ardatz hartuta, bide ilunak nekez aurkitu eta Euskal Herriaren geroa sostengatuko duten zutabeak eraikitzen ahalegindu dira. Auzo, herri zein nazio mailan ekin eta ekin, ezina zirudiena ekinez lortuz. Etorkizuneko belaunaldiak gogoan, euskal unibertsitatearen ametsa eskuekin laztantzeraino iritsi gara eta hezkuntza eragileen arteko eztabaida sutsu eta akordioen bidez Euskal Curriculuma erditu zen orain urte batzuk, gure nortasunaren ezaugarriak transmititu, biziberritu eta garatzeko erronkari helduz. Nazio eta klase zapalketaren dirdiraren itzalean maizegi galdu den genero zapalketa ahanzturatik askatu dute. Emakumeok, emakume izate hutsagatik, sufritzen dugun zapalkuntza agertu eta emakumeen eskubideen aldeko borroka ozen entzunaraziz. Patriarkatua kanpotik eta barrutik joz borrokatu dira, bide horretan, ezker abertzalea bera agente feminista bilakatuz. Eskubide sozialen alde ere elkartu dira maiz, eta gure ama hizkuntza gogoz defendatu dute.
Bide oparoa izan da. Askotan norabide gehiegi izan dituen bidea, ados. Utzitako ondarea, alabaina, ez da nolanahikoa izan. Galtzen utzi ezin den horietakoa.
Aldaketa garaia dator, eta begi bistan dugun bidea are emankorragoa izango delakoan nago. Ongi etorriak izango dira, beraz, etortzekoak diren urratsak. Haatik, ezin dugu pauso bat bera ere atzera egin eta gure geroa sostengatzen duten zutabeei gogor eusten jarraitu behar dugu. Euskararik gabe edo euskal eskolarik gabe independentziarik eta berdintasun eta eskubide sozial gabe jendarte justurik ez dagoelako. Egin ditzagun urratsak, baina ez dezagun inoiz ahaztu gure helmuga zein den.