GARA > Idatzia > Kultura

Arestiren «Zuzenbide debekatua» aztertuko dute Literatura Eskolan

Bilboko La Bolsan hasiko du Literatura Eskolak ikasturtea edo «trukeurtea» larunbatean, Karmelo Landak gidatuta Gabriel Arestiren testu poetiko ezezagun samar bat ikertuz. Irakurle guztiak gonbidatu dituzte.

p050_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Larunbat honetan, 10.00etan hasi eta 14.00ak arte, eginen dute Literatura Eskolaren lehen saioa, Bilboko La Bolsa aretoan. Gabriel Arestiren «Zuzenbide debekatua» izanen dute aztergai eta Karmelo Landa arituko da gidari lanetan, baina ekimen honetan ohi duten bezala, parte-hartzaile guztien artean hausnartuko dute noiz eta zerk eraginda idatzi zuen euskal literaturako sortzaile handi honek lan hau eta zer garrantzi duen bere obran. Testu batzuk irakurri ondotik, iritzi eta eztabaidei emanen diete bidea.

Topaketa honen ondotik, bertze hamaika etorriko dira: azaroaren 12an Tolosako Bonberenean izanen dira Yolanda Arrietarekin; abenduaren 17an Donostiako Ernest Lluchen Gema Lasarterekin; urtarrilaren 21ean performanceari eta egungo praktika eszenikoei begiratuko diete Arrasaten Ixiar Rozasen laguntzarekin... Larunbatetan eginen dituzte saio guztiak eta eskolaren jarduna zabaltzeko asmoz, antzezlanak eta bestelako ekintza osagarriak ere antolatzen ari dira aste barrenean egiteko.

Gotzon Barandiaran antolatzaileak azaldu digunez, 2002an ekimena martxan jarri zutenetik Euskal Herri osoan eratu duten sarea errotzen eta zabaltzen joatea nahi dute, eta sare horretatik ekimen gehiago jaiotzea, Eako Poesia Egunak eta Literaturia sortu ziren bezala. Eskoletan lantzen dutenaren laburpenak ere kaleratu nahi dituzte «Trukean» liburuetan.

Otsailaren 18an Idurre Alonso irakaslearekin eginen dute saio bat Gasteizen. «Aspalditik irakasle asko etorri ohi dira gurera eta zubiak eraikitzen hasi nahiko genuke hezkuntzan lanean ari direnekin. Ekimen hau herritarrongandik, irakurleongandik sortua da eta gure asmoa auzolanean hezkuntza arautuan diharduten irakasleei beste laguntza batzuk eman ahal izatea da», adierazi du Larrabetzukoak.

«Balantze oso-oso ona»

Lehenbiziko hiru urteetan Larrabetzun egin zituzten saio guztiak, han jaio baitzen eskola, baina antolatzaileak konturatu ziren Euskal Herri osotik joaten zela jendea eta pentsatu zuten hagitz aberasgarria izan zitekeela saioak zabaltzea. «Urrats hori gehiago izan da onerako txarrerako baino. Lehen 40 laguneko talde egonkorra ginen; orain, aldiz, gehiago gara baina ez beti berak, lekuan lekuko jendea».

Nahiz eta oraindik egiteko lan handia dutela ikusi, «balantze oso-oso» positiboa egiten dute. «Guk elikatzen dugu geure burua eta bizipoza eta ilusioa ematen digun bitartean bizirik segituko du eskolak, sare bat eratzen ari garelako, gure ustez, oso garrantzitsua euskal literaturarentzat eta kulturarentzat», agertu zuen Barandiaranek. Erantsi zuenez, sarri jendeak zerbait akademikoa dela pentsatzen du, baina ez da hala: «Guk erabakitzen dugu zer irakurri eta ikasi elkarrekin, hizlariak puntakoak diren arren». Parte hartu nahi duenak zabal-zabalik ditu ateak eta www.literaturaeskola.org-en du informazioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo