GARA > Idatzia > Kultura

Editoreen kezketan eta idazleen inspirazioan, Frankfurteko Azokan denean dago krisia

p050_f02.jpg

GARA | FRANKFURT

Krisia gonbidatuetako bat da munduko liburu azokarik handienean, sortzaileen inspirazio iturri delako eta editoreen kezka ere bai. Horiek sostengu publikoaren garrantzia nabarmentzen dute garai zail honetan. Krisiak gogor astindutako Greziak ere ez dio uko egin Frankfurten izateari, nahiz eta Sokrates Kabouropoulos greziar liburuen Zentro Nazionaleko arduradunak erran bezala, oinarrizkora mugatutako ordezkaritza bat soilik joan den.

Editoreen eta liburu-denden nazioarteko elkarteko arduradun portugaldarrak, Henrique Motak, azaldu zuenez, agintariei exijitu dieten gauza bakarra liburuen gaineko BEZa, gaur egun %6koa dena, ez igotzea da. Gainerakoan, «edizioak hil egingo dira», ohartarazi zuen.

Irlandan eta Islandian -azken hau aurtengo ohorezko gonbidatua- ongi eutsi dio liburuen industriak krisiari. «Agintari irlandarrek kultur instituzioak finantzatzen segitu dute», baieztatu zuen Michael O'Brien editoreak.

Dena den, krisiaz gain, beste gauza anitzentzako lekua dago Frankfurteko Azokan, Big Bang-arentzat eta sukaldaritzarentzat, adibidez. Bere standean, Lammerhuber argitaletxe austriarrak harreman zuzena du unibertsoaren jatorria azaltzen saiatzen den laborategi batekin, CERNekin. Bertan egiten ari diren esperimentuak bildu dituzte liburu batean, eta egunero zientzialari batek publikoak proiektuari buruz eginiko galderei erantzuten diete.

Hurbilagoko kontuen inguruko galderek ere badute erantzuna beste postu batzuetan. Suitzako sukaldari talde batek, esate baterako, sei platereko menu bat nola kozinatu argitzen du aurki merkatura aterako duten egutegi batekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo