GARA > Idatzia > Kultura

Fernando Morillo hilabetez ariko da idazten Hendaiako Abbadian

GARA | HENDAIA

Euskal Itsasbazterreko Ingurumenerako Ekimenen Zentro Iraunkorra, Euskal Kultur Erakundea eta Donostiako Euskal Idazleen Elkartea Hendaian, Abbadia eremuan, euskal idazle gazte baten egonaldia antolatzeko bildu dira. Aurkeztu diren bost idazleen artean, Azpeitiko Fernando Morilloren proposamena hobetsi dute.

Morillok hogeita bost liburutik gora idatzi ditu, haur eta gazte literaturan bereziki. Sarri, gazteen mundua literaturaren eta zientziaren paisaietara erakartzen saiatu da bere obretan.

Nekatoenea etxean

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Urola bailarako idazleak Abbadia eremuko Nekatoenea etxean iraganen du bere egonaldia, heldu den astelehenetik, urriaren 17tik, azaroaren 20ra arte egonen da bertan, hain zuzen.

Bitarte horretan, euskarazko eleberri bat idaztea izanen da bere zeregina, dagoen ingurunea esparrutzat hartuz. Txingudiko badia, euskal erlaitza edo Antoine d'Abbadie ikertzailearen bizia agertuko dira beharbada bere istorioan.

Egitasmo hau aurkezteko, ekitaldi bat prestatu dute astearterako Nekatoenea etxean bertan, goizeko hamaiketan, eta han emanen dute informazio gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo