Nafarroako Kutxaren egoeraz arituko da gaur Barcina Parlamentuan
Nafarroako Aurrezki Kutxaren pribatizazioaren gainean azalpenak emateko agerraldia du gaur Yolanda Barcina lehendakariak, Bilduko eledun Maiorga Ramirezek eskatuta. Ziurrenik, kutxa horretatik UPNko agintariek jasotzen dituzten dirusariak direla-eta aste honetan zehar pil-pilean izan den polemikaz ere hitz egin beharko du Barcinak. Izan ere, orain arte ezezaguna zen batzorde batetik dirusaria jasotzen dute UPNko lau agintari nagusik.
GARA | IRUÑEA
Nafarroako lehendakari Yolanda Barcina Parlamentuko Foru Araubideko batzordean agertuko da, Nafarroako Aurrezki Kutxaren (CAN) egoera eta pribatizazio prozesua azaltzeko, Bildu taldeko Maiorga Ramirez eledunak eskatuta.
Barcinaren agerraldia joan den astean eskatu zuen Ramirezek, baina, ziurrenik, azken egun hauetan zabaldu diren berriez ere hitz egin beharko du. UPNko lau agintarik (Barcina bera, Miguel Sanz lehendakari ohia, Alvaro Miranda lehendakariordea eta Enrique Maya Iruñeko alkatea) orain arte ezezaguna zen batzorde batetik dirusaria jasotzen zutela argitaratu du egunkari batek. Hain zuzen ere, 1.700 euro kobratzen zituzten bilera bakoitzeko. Barcinaren egunsariak, berriz, 2.600 eurokoak direla argitaratu da, hala, 100.000 euroko dirutza bilduz urtean.
UPNko agintariek eman dituzten azalpenek egoera are gehiago korapilatzea besterik ez dute lortu. Izan ere, Nafarroako Aurrezki Kutxako diru sariak «erabat normaltzat» jo zituen Mirandak, eta «betidanik egin den zerbait dela» gaineratu zuen.
«Nafarroako Gobernua osatzen dugunon soldataren zati bat izan dira beti Aurrezki Kutxako ordainsariak. Politikaria naizen arren, langilea ere banaiz eta hilabete amaieran soldata eraman behar dut etxera», esanez saiatu zen Miranda kazetarien aurrean azaltzen, asteartean, Parlamentura joan zenean, eta dirusari horiek «guztiz etikoak» direla gaineratu zuen.
«Gai hau dela eta, zalaparta sortzeak harritzen nau», ere bota zuen Mirandak.
Nafarroako Gobernuak hezkuntzan, osasungintzan eta beste alor sozialetan ezarri dituen murrizketen arduradun politikoa da Miranda. Beraz, halako dirusariak lege aldetik zilegi badira ere, moralki kritikagarriak dira.
Barcinak Nafarroako Aurrezki Kutxako dirusari hauek kobratu baditu ere, Iruñeko alkatea izateari utzi zionean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) zuen lanpostua berreskuratzeko eskatu zuen.
Hala, hemeretzi eguneko soldata kobratu zuen unibertsatetik, Nafarroako Gobernuko lehendakaria izango zela ederki aski bazekien ere.
Nafarroako Aurrezki Kutxaren egoeraz hitz egin baino lehen, Gobernua ezartzen ari den murrizketen gainean ere azalpenak emango behar ditu Yolanda Barcinak Bilduko eledun Maiorga Ramirezek eskatutako beste agerraldi batean.