GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Aviron | FUTBOLA N1

Aviron hasi da denboraldi berriari tamaina hartzen

Zuri-urdinek azkeneko unean jakin zuten Nationalean arituko zirela, eta taldea indartu behar izan dute.

p039_f01_199x116.jpg

Jon LEUNDA

Kostata, baina hasi da Aviron ligari neurria hartzen. Zuri-urdinek pasa den denboraldian N1 Maila galdu zuten, eta CFA Mailara jaitsi ziren. Aurten hor aritzeko egin zuten taldea, baina Liga hasi baino egun batzuk lehenago berriro ere Nationalean aritu behar zutela adierazi zien Frantziako Federazioak, maila horretako talde batzuek, diru arazoak medio, ezin zutelako zeuden lekuan jarraitu.

Berria ona zen, berriro ere maila bat gorago arituko zirelako, baina taldea indartu beharra zegoen. Erlojuz kontra aritu dira lanean, eta denboraldia hasi zenetik jokalari asko etorri dira Baionara; azkenekoa, eta taldeko izarra izan behar duena, Famery, orain bi aste besterik ez.

«Asko kostatu da taldea berregituratzea. Jokalari asko etorri dira azkeneko unean. Guk Taldea CFA Mailan aritzeko egina geneukan, eta uda osoa horri begira prestatu gara. Gero N1era itzulita, jokalariak ekarri behar izan dituzte. Denak batu, elkar ezagutu, prozesu hori guztia aurrera eramateko denbora behar da, baina gauzak ongi doaz», dio Ximun Duhour atezainak.

«Jokalari guztiak kanpotik etorri dira, asko bere emazte eta umeekin, gero bizilekua topatu behar izan dute, hemengo bizimodura ohitu, eta dena batera egitea ez da erraza. Une honetan denek topatu dute etxea, familia kokatu dute, eta taldeak gorantz egin behar duela iruditzen zait», erantsi du Kanbokoak.

Izan ere, etxeko jokalari garrantzitsuek pisu handia dute aldagelan, eta bai Ximun berak, Lalanek edo Bidegainek lan gehigarria izan dute aste hauetan: «Gu hemengoak gara, taldea barruan daramakigu, eta berriei taldean sartzen laguntzeko eskatu zigun entrenatzaileak; beraz, horretan saiatu gara apurka-apurka emaitzak lortuz. Orain apur bat euskaraz erakustea falta zaigu», dio atezainak umore onez.

Indar handia

Lehen garaipena lortzea ikaragarri kostatu da, baina behin bat lortuta, bigarrena jarraian etorri da, eta Nimes handiaren aurka gainera. Lehen Mailan urte asko egondako taldea, eta iaz Bigarrenetik jaitsitakoa. «Horrek sekulako indarra eman zigun. Nimes bezalako talde potolo bati irabazteak guretzat balio handia dauka. Berriro ere Bigarren Mailara itzultzeko taldea egin dute. Hasi eta berehala gola egin ziguten, eta bidea erraz egingo zutela pentsatu zuten, baina gero astindu ederra eman genien», dio Realeko atezain ohiak.

«Irabazteaz gain, egindako jokoak ere konfiantza handia eman zigun. Bigarren zatian oso maila ona eman genuen. Horrek edozeini irabazteko gai ginela erakusteko eta sinetsarazteko balio izan zigun. Guretzat balio ikaragarria izan zuen», erantsi zuen Ximun Duhourrek.

Taldeak berak oso garbi omen dauka zer nahi duen, eta zer egin behar duen: «Azkeneko unean horrenbeste jokalari batera etorritakoan denbora behar da bloke bat egiteko. Uste dut hori lortu dugula, eta geu ere ohartzen gara horretaz. Garbi daukagu hurrengo pausoa jaitsiera postuetatik irtetea dela, eta hori lortutakoan ere konfiantza areagotu egingo dugu».

Avironen helburu bakarra mailari eustea da, eta denek oso garbi daukate hori: «Gure helburua mailari eustea da. Hor goian dabiltzan taldeek dituzten aurrekontuek eta geureak ez dute zerikusirik. Gainera, taldea egin dugun bezala eginda, dena azkeneko momentuan, garbi daukagu mailari eustea dela gure helburua», esan du Duhourrek. Hori lortzeko ere itxaropen osoa dauka: «Nik uste dut taldeak gero eta konfiantza handiagoa lortuko duela, eta erregulartasun hori hartuko dugula. Ez du balio bost edo sei partida jarraian irabazi, eta gero bi hilabetetan dena galtzeak. Gorantz irtengo garen konfiantza osoa daukat», esanez amaitu du taldeko ikurra bihurtu den Ximun Duhour atezainak.

ALDAKETA

Baionakoek CFA Mailan aritzeko taldea osatu zuten, eta asmo horretarako prestatu zuten denboraldiaurrea. Gero, N1era itzulita, liga abian dela moldatu behar izan dute taldea.

Moldaketa

Jokalari berri asko etorri berriak dira, eta horiek denbora behar izan dute taldera sartzeko eta ohitzeko. Orain blokea egina dute, eta apurka-apurka gorantz egingo dutela uste da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo