«Leihoak« disko berrian, alaitasuna eta itxaropena gai nagusi izan ditu Lain taldeak
2008an Villabonan sortutako Lain talde gazteak bigarren diskoa kaleratu du, «Leihoak» izenekoa. Alaitasunez beteriko jarrera nagusitzen da diskoaren hamar kantuetan, arnasa hartzeko gogoa.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Bigarren disko bat kaleratzeak erantzukizun handia eskatzen du, heldutasuna erakutsi behar baita, taldearen talentua, alegia. Hala, Lain talde gipuzkoarrak gogotsu ekin zion joan den azaroan konposatzeko lanari, eta horren emaitza aurkeztu zuen atzo. Disko berriak «Leihoak» du izena, eta bertan bildu dituzten abestietan sumatzen den sentimendu eta ideia ere horixe bera da, leihoak ireki eta arnasa sakon hartzekoa, mundura irekitzekoa eta etorkizunari ekitea.
«Aurreko diskoarekin ez du zerikusirik. Guztiz biluzten gara bigarren honetan, bereziagoa eta pertsonalagoa da. Abesti bakoitzak bere historia dauka», azaldu zuen Leire Berasaluze taldekideak.
Bi urte inguru eman dituzte aurreko diskoarekin, lehenbiziko lanarekin, zuzeneko emanaldiak egiten, eta iazko azaroan hasi ziren abesti berriak sortzen. «Denon artean sortu ditugu, halakoak gehiago betetzen gintuztela ohartu ginen-eta», aitortu zuen Javi Ribero baxu-jotzaileak. Hainbeste buru batera pentsatzen arituta, ez da lan prozesu erraza izan taldekideentzat, baina pozik daude bizi izandakoarekin eta lortutako emaitzarekin. «Ez da erraza izan prozesua. Bakoitzak bere musika gustuetarantz jotzen du beti eta hor eztabaidak sortzen dira, baina azkenean, guztiok bat egiten genuen ideia bat topatu, eta hortik jotzen genuen. Eztabaida guztien gainetik adostasunera iristen ginen beti», azaldu zuen Kristina Aranzabe taldekideak.
Munduari aurpegi onez begira
Hamar abestiek badute ezaugarri komun bat, alaitasuna eta itxaropena, baina beste hainbat gai ere landu dituzte Villabonako gazte hauek. Bigarren abestian adibidez, «016» izenekoan, emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurkako salaketa egiten dute. Beste bat beldurrari buruzkoa da, «pertsona orok diolako zerbaiti beldurra», esan zuen Berasaluzek. «Identifikatzeko errazak dira. Interpretazio aldetik zerbait metaforikoa izan daiteke, baina kantua nondik nora doan uler daiteke. Abesti batek ikuspuntu ezberdinak izan ditzake gainera, bakoitzak modu batean edo bestean koka dezake», zehaztu zuen Riverok. Erritmo errazetan oinarritutako melodiak dituzte abestiek, kantu alaiak dira, aurrerakoiak.
Disko berri honekin «onartuago» sentitzen direla azaldu zuten. Grabaketa estudioan ere «oso gustura» ibili direla aitortu zuten, nahiz eta bigarren lana izanik «buru-jate» handiagoak izan dituzten. Hala ere, inguruko profesionalengan konfiantza osoa izan dute diskoa sortzeko unean, eta aurretik ere prozesua ikasita eraman zuten. «Jakinda lehenengoan zer atera zaizun, bigarrenean badakizu zer ez duzun nahi», esan zuen Riverok. «Nik uste dut errazagoa izan dela. Prestatuagoak joan gara, ideiak argiago finkatuta», aitortu zuen Jon Altuna bateria-jotzaileak.
Zuzeneko hainbat emanaldi hitzartuta ditu dagoeneko Lain taldeak. Alde batetik, gaur Tolosako Bonberenean izango dira. Bestetik, Durangoko Azokan, Ahotsenean emanaldia egingo dute abenduaren 6an, goizean.