GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Nazioarteko Konferentzia, aukera ona

Lakuako Gobernuak azkenean ez du ordezkaririk izango datorren astelehenean Donostian izango den Nazioarteko Konferentzian. Patxi Lopez lehendakariak iragarria zuen ez dela joango, eta atzo Lakuako bozeramaile Idoia Mendiak esan zuen bere Gobernuko beste ordezkaririk ere ez dela izango. Hala ere, PSE konferentzian izango da, alderdiaren zuzendaritzak hala erabakita. Erabaki hori, besteak beste, prozesutik kanpo ez gelditzeko ahalegin gisa uler liteke; «ezetzaren» jarrera gero eta eutsiezinagoa eta zirkinik egin gabe besteei etengabe mugimenduak eskatzea jokaera gero eta onartezinagoa izanik, nazioarteko agendatik datorren konferentzia hori aukera ona da esandako jarreratik aldentzen hasteko. Nolanahi ere, ez da gutxietsi behar PSEren erabakia, eta PSEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek eskaini zuen argudioa argia eta guztiz zentzuzkoa da. Bakea lortzeko pauso guztiak aintzat hartzeko modukoak direla, eta hortaz, eurek ere konferentzian egon behar dutela esan zuen Pastorrek. Baiki, bakea lortzeko pauso guztiak aintzat hartzeko modukoak dira, eta pauso horiek alde guztietatik iritsi beharko lukete, orain arte ez bezala. Donostiako konferentziak argiago utziko du alde guztietako pausoak eskatzen dituen dinamika eta denen parte-hartzea beharrezkoak direla, eta PSEk dagoeneko badaki hori horrela dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo