GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko euskal hiztunen joerak aztertzeko, sarean da Norantz datu basea

Azken hamarkadetan gizartean izandako aldaketek zer eragin duten aztertze aldera, Iker zentroak Norantz datu basea osatu du, euskararen bilakaeraren behatokia sortzeko lehen oinarria izango delakoan.

p016_f03.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako euskaldunen gramatika gaitasuna zer-nolakoa den jakin nahi duenak eskura du jada Norantz egitasmoaren barruan osatutako lehen datu basea. Estatu frantsesean euskararen arlo linguistikoa ikertzen duen Iker egitura publikoak jarri du abian, atzo, Baionan, aurkeztutako egitasmoa.

Gaur egun Ipar Euskal Herriko hiztunen joerak nondik nora doazen bildu eta ikertzaileei zein euskara lanbide dutenei -irakasleak, batik bat- eskaintzea da duela hiru urte hasitako proiektuaren lehen helburua. Baina, Beñat Oyharçabal egitasmoaren zuzendariak adierazi zuenez, bada bigarren bat: «Norantz egitasmoa euskararen egoeraren biharko behagune baten oinarria izatea nahiko genuke. Horregatik garrantzitsua litzateke urte batzuen buruan orain egin dugun galdeketa bera egin ahal izatea».

Oyharçabalek nabarmendu zuen «Ipar Euskal Herria eremu txikia» izaki, lehen aski erraza zela euskararen egoera eta joerak ezagutzea.

Alta, azken hamarkadetan gauzak «biziki aldatu» direla gaineratu zuen, egun euskararen erabilera eta ezagutza berdinak ez direlako, ingurumarian eta ohituretan aldaketa handiak izan direlako eta biztanleriaren mugikortasuna eta hartu-emanen trukeak emendatu egin direlako.

Oraindik datuotatik ondorioztatzen ahal dena jorratu ez badute ere, belaunaldi zaharrenekin erkatuta, aldaketak nabariak dira erdi mailako adinekoengan (40-60 urte) eta gazteengan (-30 urte). Oyharçabal ez da aitzinakoen edo oraingoen euskara zein den hobea baloratzen ausartzen: «Joeren aldaketak, berez, ez dira baitaezpada txarrak. Hizkuntza bizia dagoen seinale dira».

Bat-batean erantzuteko 750 perpausez osatutako galdeketa

Datu basea lantzerakoan, hiru irizpide (adina, bizitokia eta euskara nola ikasi duten) aintzat hartu dituzte hiztunen tipologia zehazteko. Behin hori eginda, euskararen gramatikaren alde nagusiei buruzko datuak lortzeko 746 galdera prestatu dituzte. Lana errazteko, galderok frantsesez pausatu dizkiete proiektuan parte hartu duten 59 hiztunei. Horietatik, zati handiena 30 urtetik beherakoak izan dira.

«Merezimendu handia» izan dutela nabarmendu zuten Jasone Salaberriak eta Irantzu Epeldek, galdeketa zuzenean egiten aritu diren teknikariek, bat-batean horrenbeste galdera erantzutea ez dela samurra gogoratuta. Fase horretan hamabost hilabete eman dituzte, eta batez beste, ordu eta erdiko hiru saio izan dituzte bakoitzarekin.

Galdeketan bildutako datuak gurutzatu, tratatu eta www.norantz.org gunean erraz kontsultatzeko moduan jartzea izan da hurrengo urratsa. Akitaniako Kontseiluak, Kontseilu Nagusiak, Euskararen Erakunde Publikoak diruz lagundutako lan eskerga datorren asteazkenean, 14.30etik goiti aurkeztuko diote euskara lanbide dutenei, Ikerren egoitzan (Baionako Gaztelu Berrian). A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo