EHUk garraio arazoak aztertzea eta hobetzea nahi dute ikasleek
GARA |
Ikasleen Kontseiluak «arazo larriak» antzeman ditu unibertsitateko campusetako garraio publikoan eta aparkalekuetan. Horregatik, garraio publikoari buruzko txostena egiteko eta garraio partekatua bultzatzeko neurriak hartzeko eskatuko dizkio EHUri. Horretarako, ikasleek akordiorako proposamena aurkeztu dute, Gobernu Kontseiluak iritzia eman dezan.
Ikasleen Kontseiluak adierazi duenez, arazoa «are larriagoa» da ikasturte honetan. Irakasle Eskola Leioako eremuan dago, eta horren ondorioz, 2.000 ikasle gehiago bertaratzen dira. Gainera, aparkalekuetako plaza ugari soil-soilik unibertsitateko langileentzat gorde dituzte, eta Donostian, Ibaetako campusean, TAO jarri zuen aurreko udalak.
Ikasleen Kontseiluaren iritziz, erakundeen arteko erabateko koordinazioa beharrezkoa da. «Gure ustez, erakunde guztiek bultzatu behar dute garraio publikoa, eta horretarako koordinazioa behar da», azaldu zuen atzo Aratz Castro EHUko Ikasleen Kontseiluko buruak.
Beraren ustez, eskumenik ez izan arren, EHUk unibertsitateko garraioa hobetzen parte hartu beharko luke, eta horrez gain, ekintzak koordinatu, baita unibertsitateko komunitatearen barruan autoa partekatzea ere.