Josu Imanol Unanue | Gib/Hiesduna eta Bilduko zinegotzia
Ibon Iparragirre etxera!
Hiesdun guztiok badakigu zein garrantzitsua den bizi kalitatea mantentzea. Azken batean, hiesak berak ez gaitu hilko; bai, aldiz, bakardadeak, txarto elikatzeak, infekzio oportunistek...
Ez dakit noiz aseko diren Ibon espetxean mantentzen dutenak, ezta zergatik isiltzen diren beste batzuk ere, euskal preso honen egoera salatu beharrean. Agian beraien asmoa izango da hiesa bera erabiltzea Ibonen sufrimendua areagotzeko, agian zerbait okerragoa espero dute, baina argi dago, Gib/Hiesarekin bizi garenok jasotzen ditugun berriak ez direla batere onak.
«Ibon etxera...! Hiesa + kartzela = heriotza zigorra» aldarrikatu genuen, besteak beste, hainbat herritarrek orain dela gutxi Basauriko kartzelaren aurrean, baina ziur nago milaka lagun gehiago daudela kezkatuta gertatzen ari zaienarekin.
Ibon Iparragirre ez dago ondo, sukarrak, birikietako infekzioak eta sor daitezkeen beste edozein gaixotasunek ez diote ezer onik ekarriko; hala ere, berriro diot, espainiar agintariak entzungor daude eta Ibonek berak daukan zigorrari gaixotasun oportunistek ekar diezaioketen edozein konplikazio gehitzearen alde agertu dira. Hori da atera daiteken konklusio bakarra.
Gurako nuke pentsatu, berandu izan baino lehen, Ibon etxean egongo dela, eta behar duen laguntza izango duela. Une honetan ez dago beste irtenbiderik. Ibon ondo zaindu behar da eta horretarako ezinbestekoa da leku egokian egotea, bere familia eta lagunen maitasuna sentitzea, ondo elikatzea eta tratamendutik aparte behar duen mediku laguntza une oro izatea. Asko da hori eskatzea? Zer hiltzaile «demokratikoren» esku dago behar duen tratua ukatzea?
Bitartean, kartzela politika hiltzailea mantentzearen alde daudenak, baita beraien borreroak diren hainbat lagun ere, isilik daude. Justizia bai, baina beraiek hautatzen dute nortzuentzat. Demokraziaren izenean astakeria egiten ari dira Ibonekin, baina bere familiarekin eta lagunekin ere bai.
Hiesdun guztiok badakigu zein garrantzitsua den bizi kalitatea mantentzea. Azken finean, hiesak berak ez gaitu hilko; bai, aldiz, bakardadeak, txarto elikatzeak, infekzio oportunistek, txarto osatutako gaixotasun txikiek, eta abarrek. Badakigu, halaber, defentsak gutxitzen zaizkigunean eta kontuan hartzen ez direnean, lasai eta kontrolpean mantendu behar dugula, zer gertatu ahal zaigun. Horretarako, ezinbestekoa dugu laguntza, medikuen laguntza, baina hurbilekoena eta, zelan ez, lagunena ere bai.
Ospitalera eroan zaituzte ertzainek, gaixotasuna okertzen doalako. Ez da hori behar izango duzun laguntza egokiena. Baina lotsagarriagoa iruditzen zait jakitea, eskuburdinekin eroan zaituztela. Zer izango dute buruan horrelako jarreraren alde edonolako argudioak erabiltzen dituztenek? Hori bai, faxistek azkar jotzen dute Abu Graib, Guantanamo eta halako kartzeletan gertatutakoetara, euren komunikabideetatik giza eskubideen urraketa dagoela gogorarazteko. Eta hemengoak, zer izen dauka? Nola ahal dute justifikatu? Ez dakizue zer gertatzen den Estatu espainoleko eta frantseseko kartzeletan?
Ibonek etxean egon behar du lehenbailehen, Ibon eta preso gaixo guztiak etxean eta beren herrietan aske bizi behar dute, Ibonek eta euskal preso guztiek libre egon behar dute, dagoen une politikoak horrela eskatzen duelako eta gatazkaren konponbidea lortzeko ezinbestekoa delako urrats hori ematea. Herri askea pertsona askeek eta osasuntsuek osatzen dute, kartzelak soberan daude, baina beraien alde egiten dutenak ere bai. Euskal preso guztiak etxera! Osasuna eta askatasuna.