GARA > Idatzia > Euskal Herria

Loiolako Erriberetako geltoki intermodala sustatu nahi du Donostiako Udalak

Donostiako Bilduko udal taldeak Loiolako Erriberetako geltoki intermodalaren aldeko apustua egin zuen atzo, Atotxako autobus geltokia egiteko aukera baztertuz. Horretarako emandako argudioen artean, Atotxako egitasmoa dela-eta Aldundiak plazaratutako zalantzak.

p015_f02.jpg

Ana ABARIZKETA |

Atotxako autobus geltokia egin beharrean, Loiolako Erriberetan geltoki intermodala eratzearen aldeko apustu tinkoa egiten duela azaldu zuen atzo Donostiako Udal Gobernuak. Erabaki hori arrazoitzeko hainbat puntu jarri zituen mahai gainean Bilduk, hala nola Erriberetako egitasmoa Atotxako autobus geltokia baino merkeagoa eta eraginkorragoa litzatekeela, eta intermodalitatea ziurtatuko lukeen aukera bakarra dela jakinaraziz. Beraz, azken deialdi bat egin, eta gainerako taldeekin akordioa lortzeko aukerak badirela nabarmendu zuen Bilduko Udal Gobernuak.

Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak eta Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak parte hartu zuten prentsaurrekoan. Loiolako Erriberetako geltokiaren aldeko argudioak eman aurretik, Udal Gobernuak «ahalegin pedagogiko bat» egiteko borondatea baduela azaldu zuen Albizuk.

Loiolako Erriberetako geltokiaren aldeko argudio nagusiak ematean, hor dauden intermodalitate aukerak nabarmendu zituen, «gune horrek bakarrik» ematen dituenak. Gainerako egitasmoek, Albizuk adierazi zuenez, «ez dute ematen». Loiolako Erriberetako geltokiak gainera Donostian ez ezik, Gipuzkoa osoan ere eragina izango luke, Albizuren hitzetan; izan ere, ibilbide luzeko tren guztiek bertan geltokia izateko aukera legoke. Hala, EuskoTrenen eta Renferen zerbitzuak hor bateratuko lirateke, baita autobus zerbitzuak ere, loturak eskainiz.

Mugikortasun zinegotziak azaldu zuenez, eskuragarriagoa ere izango litzateke, autobusek ez luketelako hiriaren erdialdera sartu behar izango. Horretarako, A-8tik Donostiara sartzen direnak Erriberetako inguruarekin lotzeko bidea berria egitea ere aipatu zuten, Karlos I.aren hiribideko trafikoa arintzeko. Beraz, Amara auzoko trafikoa murriztea lortuko litzatekeela nabarmendu zuten.

Bilduko zinegotziek, «erabaki estrategikotzat» jo zuten leku aldaketa, eta proiektuaren fruituak etorkizunean jasoko liratekeela ondorioztatu zuten. Kazetarien galderei erantzunez, alderdiek «borondate ona» erakutsiz gero, 2016. urterako proiektua egin ahal izango dela erantzun zuten.

Aldundiaren zalantzak

Atotxako autobus geltokiaren inguruan Gipuzkoako Aldundiak agertutako zalantzak jarri zituen mahai gainean Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak. Donostiako Udalak 2010eko azaroan Aldundiari aurkeztutako «Donostiako etorkizuneko herriarteko autobus geltokiaren mugikortasunaren azterlana» dokumentuak «zalantzak» sortzen dituela erantzun zuen Aldundiak, besteak beste. Esaterako, «puntako orduetan autobus guztiak hartzeko izango duen gaitasunari» buruzko zalantzak. Garraio publikoaren erreferentziak aldiro-aldiro aldatuz joaten direla kontuan hartuz, «etorkizuneko Atotxako autobus geltokiak arazoak» izan ditzakeela ondorioztatzen du Aldundiak.

Beraz, Hirigintza zinegotziak, datuak eskuetan, Atotxako autobus geltokiak zerbitzu hobea eman beharrean, zerbitzu «okerragoak» eskainiko lituzkeela adierazi zuen. Horren erakusle, Pio XII.aren plazan lan egiten duten hamar autobus enpresa ere Atotxako egitasmoaren aurka agertu izana ere aipatu zuen Udalak, Aldundiak aditzera eman dionaren arabera.

Bilerak beste taldeekin

Akordioak adosteko asmoz, datozen egun eta asteetan gainerako udal taldeekin bilerak izango dituztela azaldu zuten Bilduko zinegotziek; izan ere, Atotxako autobus geltokia eraikitzeko obrak esleituta daude. Hala eta guztiz ere, Ernesto Gasco PSEko zinegotzi eta Lakuako Garraio sailburuordeak Atotxako egitasmoa gauzatzeko lanetan ez duela «atzerapen bat bera ere» onartuko esan zuen atzo bertan.

PSEren jarrera zein izango den jakiteko, duda gutxi uzten dute adierazpenok. EAJk eta PPk zer jarrera hartuko duten jakitea falta da. Aurreko legealdian, Loiolako Erriberetako geltokiaren alde zegoen PP.

EAJ eta PP

Datozen egunetan egingo dituzten bileretan EAJk eta PPk zer jarrera hartuko duten ikusteko dago. Hala eta guztiz ere, aurreko legealdian, Loiolako kokalekuaren alde agertu zen PP.

PSE

Ernesto Gasco PSEko zinegotzi eta Lakuako Garraio sailburuordeak, Atotxako autobus geltokiaren eraikuntzan «atzerapen bat bera ere» ez duela onartuko azaldu zuen atzo bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo