Aizkora | Txapeldunen Ligako finala
Juanjo Lopezek eutsi egiten dio bere bolada onari
Lezaungo aizkolariak jantzi zuen txapela, Basaurin jokatu zen azkeneko ekinaldian Aitzol Atutxa eta Joxemari Olasagasti mendean hartu ostean.
Jon LEUNDA
Juanjo Lopezek eutsi egiten dio bere bolada onari, eta herenegun irabazi egin zuen Basaurin jokatu zen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga, azkeneko saioan Atutxa II.a eta Olasagasti mendean hartu ostean.
Emozioz beteriko finala izan zen, batez ere txapelaren lehian, Lopezen eta Atutxaren arteko dema ia amaierara bitarte ez baitzen erabaki. Kolpekako lanean Lopez eta Atutxa parean geratu ziren, eta Olasagastik azkena amaitu zituen lanak. 45 ontzakoa erlojuz kontra mozteko lanean, Atutxak tartea zabaldu egin zuen, enborra 51 segundoan moztuta. Hiru segundo atera zizkion Juanjo Lopezi, eta hamaika Olasagastiri.
Hirugarren lanean, kana-erdikoa zutik moztu behar izan zuten, eta hor Lezaungoa atera zen garaile. 2.32 izan zen bere denbora, 3.18 Olasagastirena eta 3.36 Atutxarena. Esan daiteke, azken honek hortxe galdu zuela txapela lortzeko aukera.
Bizkaitarrak erreakzionatu nahi izan zuen 60 ontzakoa etzanda mozteko lanean, berak irabazi baitzuen. 1.54 izan zen bere denbora, 2.06 Olasagastirena eta 2.30 Lopezena. Azken-aurreko lanean, 45 ontzako bat zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita erdibitu behar izan zituen aizkolari bakoitzak. Olasagastik irabazi zuen proba hori. 2.06 izan zen bere denbora, 2.07 Atutxarena eta 2.31 Lopezena.
Iraupen proban, berriz, Lopezek finala erabakita utzi zuen. Lau kana-erdiko mozten 13 minutu eta 32 segundo behar izan zituen. 14.16 izan zen Atutxaren denbora eta 15.03 Olasagastirena. Lan guztiak egiten 22 minutu eta 43 segundo pasa zituen Lopezek, 23.26 Atutxa II.ak, eta 25.02 Joxemari Olasagastik.