GARA > Idatzia > Kultura

Krisi ekonomikoa eta hirien benetako oihan izaera, haurren ikuspegitik erakutsia

Haur literatura bi oinen gainean ibili ohi da: istorio errealisten eta fantasiazkoen gainean, alegia. «Katti beti endredatze» eta «Oihana hirian» bi adar horietako adibide bana dira. Elkarrek argitaratu berri ditu biak.

p050_f01_096x096.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Katti neskato ausarta da, kementsua, burugogorra eta bihurria, baina batez ere bihotz onekoa. Etxean ez daude egoerarik onenean: bikiak jaio direnetik etxean zalaparta batean bizi dira, aitaren lantegian arazoak dituzte gainera, eta ama lan guztiei aurre egin ezinda dabil. Kattik lagundu egin nahi du, baina azkenean dena «endredatzen» amaituko du. Hau da Antxine Mendizabal («Nire amak ez dauka erremediorik», «Zumarragako trikitixa») idazle eta editoreak atzo aurkeztu zuen haurrentzako liburua, «Katti beti endredatzen» (Elkar). Ilustrazioa aldiz, Patxi Gallegok («Pololoak») sortu du.

«Oso istorio errealista da», esan zuen Mendizabalek. «Ni txikitan ez nintzen bihurria izan eta gogoa nuen halako pertsonaia baten azalean jartzeko», gehitu zuen.

Gaur egungo istorio bat kontatzen saiatu dela esan zuen egileak; hori dela-eta, gaur egungo krisi ekonomikoa ageri da liburuan, baita familia xume batek izan ditzakeen etxeko arazoak ere. Hori bai, guztia haur baten ikuspegitik kontatu nahi izan du Zumarragako idazleak.

Gizakien animaliakeria

Oihana aitarekin doa hirira, erosketak egitera; halako batean, ordea, zebrabidean geldirik geldituko da haurra eta bere burua animaliaz inguraturik ikusiko du: hartzak, ehunzangoak, zakurrak, ahuntzak, elefanteak... «Hiriko oihana ikusiko du», azaldu zuen Leire Bilbao idazleak.

Bilbaok («Ezkatak»; «Amonak nobioa du eta zer?», Elkar, 2006; «Olagarro baten bainuontzian», Elkar, 2010) esan zuenez, liburuak gizakien animaliakeria agertzen du. Horretarako ilustrazio lan garrantzitsua egin du Mai Egurza irundarrak. «Animaliak pertsonifikatzea ez da erraza, baina oso gustura gelditu gara biok», aitortu zuen Bilbaok.

Bi liburuak 8 urtetik aurrerako haurrentzat daude eginda, bere kasa irakurtzeko gai direnak, eta oraindik, marrazkiak atsegin dituzten horientzat. Baita helduentzako ere, esan zuen Gallegok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo