TOP 14
Avironi eta Biarritzi iritsi zaie abiada hartzen hasteko garaia
J.L.
Astebeteko atsedenaren ostean, gaur itzuliko da Top 14a, eta neurketa garrantzitsuak dituzte bai Biarritzek, bai Avironek. Bi taldeek beheko postuetan dauden bi aurkari izango dituzte. Gaur huts egiteak galera handia ekar lezake Top 14an ari diren bi euskal taldeetzat.
Aviron etxean arituko da eta Montpellier hartuko dute. Azkeneko jardunaldian garaipena erdietsita, horri jarraipena eman nahi diete zuri-urdinek. Frantziarrak, berriz, 8 punturekin daude, eta beren borroka mailari eustea izango da. Sei partidetatik lau galdu dituzte, bakarra irabazi eta beste bat berdindu. Beraz, bide onetik jarraitzeko aukera dute Baionakoek.
Avironek berriro ere gora egin behar du. Hiru partida galduta dago, bi irabazita eta bat berdinduta. Gaurko helburua ez da izango garaipena lortzea bakarrik, baita erasoko puntua batzea ere, horrelako talde baten aurka garrantzitsua baita bost puntu eskuratzea. Hori lortzen badu, sailkapenaren erdialdera hurbilduko da, eta bi garaipen jarraian lortuta, indarra ere hartzen joango da.
Biarritzek azkeneko jardunaldian erakutsitako hobekuntza baieztatu behar du. Munduko Txapelketan izandako jokalarietako batzuk berreskuratu ditu, eta horien eragina nabarmendu behar da jokoan. Briveren zelaian jokatuko du talde zuri-gorriak. Haiek ere euskaldunak bezainbeste puntu dituzte, zortzi, eta gaur galtzen badute, jaitsierako postuetan jarraitu beharko dute. Garaipenak behetik gora irteten hasteko balioko die, baita indarra hartzen joateko ere.
Galduz gero, zuloan jarraituko dute, eta lehen sei postuak gero eta aparteago izango dituzte. Hori ez gertatzeko garaipenak pilatzen hastea besterik ez daukate, eta ahal bada, puntu gehigarria lortu.
Irabazteak beste ezerk ez die balio gaur Patrice Laguisquetek zuzentzen dituen mutilei. Bi norgehiagokak 20.00etatik aurrera jokatuko dira.