GARA > Idatzia > Kultura

«Euskara era positibo eta erakargarri batean aurkeztea eskertu didate»

Zinemaldian izandako arrakastak bultzatuta zinema aretoetan estreinatuko da gaur Asier Altunaren «Bertsolari» film dokumentala. Bergararra gustura dago egindako lanarekin eta jasotzen ari den erantzunarekin; ez bertsozaleen aldetik bakarrik, baita Euskal Herritik kanpo izandako kritikekin ere. Bertsolariek «aurkezpen txartel» moduan jaso dute filma, euren lana jende gehiagori ezagutarazteko ikuspegi ezberdin bat eskaintzen duen erreminta.

p043_f02_97x148.jpg

p043_f03_199x104.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Eman aurretik, dagoeneko jasotzen ari dela aitortu zuen atzo Asier Altunak (Bergara, 1969). Promozio eta aurkezpen lanak egiten hasterako, bere bidea urratzen ari da «Bertsolari» filma. Zinemaldiko Sail Ofizialean izan zen dokumentalaren aurkezpena, eta aretoetan estreinatu aurretik, kea dario Altunaren telefono eta postontziari. Nazioarteko zinema jaialdi hainbatek euren interesa azaldu dute filmarekiko eta Donostian ikusi ez zutenak DVD eske ari omen dira. «Oso momentu goxoa izaten ari da», esan zuen.

Poztasun hori handiagoa da gainera, proiektua gauzatu aurretik hartu zituen arriskuek merezi izan dutela konturatu denean. Apenas dirurik gabe ekin baitzion grabatzeari, BECen jokatu zen 2009ko Txapelketa Nagusiko finalari ezin ziola pasatzen utzi ohartuta. Bertako irudiekin eta Andoni Egañari eta John M. Folley adituari egindako elkarrizketekin, iazko udaberri aldera hamar minutu pasatxoko trailer bat zintzilikatu zuen sarean. «Ate dezente zabaldu zizkigun trailerra egiteak», azaldu zuen atzo Bilbon egindako aurrestreinaldiaren aurretik. «Hasieratik eduki genuen ETB koproduktore bezala eta Eusko Jaurlaritzak ere hasieratik lagundu zigun. Baina Espainiatik ez da dirurik etorri. TVE ez da sartu eta ICCAren laguntzarik ez dugu eduki ekoizpenean. Gero distribuzioan bai». Pelikula bukatu ahal izateko dirua espero ez zuen iturrietatik iritsi zitzaien, Kutxa, Caja Vital Kutxa eta Gipuzkoako Diputaziotik, hain zuzen.

Bi urteren buruan, pelikula dotorea osatu du Altunak, guztiz poetikoa, testigantzak oinarri izanagatik ideiak irudi ikusgarrien bitartez islatzen dituena. «Dokumentala izanik pelikula nahiko zabalik egon da denbora guztian, elkarrizketak eta adituen hitzak jasotzen nituen heinean joan naiz nire erara bertsolaritza ikusten. Informazio hori guztia jaso nuenean, apustua egin nuen ideia horiek gidoira pasatzeko, eta irudi aldetik berezia izateko apustua egin genuen Marian Fernandez ekoizleak eta biok. Ez nekien nola ezkonduko ziren irudi horiek testigantzekin, misterio bat zen, baina intuizioarekin jokatu nuen».

Munduan zabaltzeko pelikula

«Oso argi eduki dut munduan zabaltzeko pelikula bat egin nahi nuela», esan zuen Altunak. «Ikusle potentziala kanpotarra ipini dut. Lagun asko ditut, esaterako, Madrilen, eta inork ez du ezagutzen bertsolaritza. Hala ere, nire lanetan beti gustatu izan zait hemendik abiatu baina historia unibertsalak kontatzea».

Bertan izan dira filma aurkezten eta jasotako kritika eta iritziak oso positiboak izan direla kontatu zuen zuzendariak. «Bertsolaritzak daukan indarrarekin harritzen dira, baita poesiarekin ere, eta narratiboki ze indar duen bertsoak. Askok esan didate Euskal Herriarekiko eta euskararekiko beste ikuspegi bat ikusten dutela, modu erakargarri eta positibo batean. Madrilen, bertako kazetari batek eskerrak ematen zizkidan, behingoz zerbait positiboa entzuten ari zirelako euskararekiko, eta esaten zidan gaur egun bizitzen ari garen momentu historiko hauekin bat, horrelako pelikula bat ongi etortzen dela».

Baina pelikularen jomuga, bertsolaritza ezagutzen ez duten euskal herritarrak ere izan ditu. «Hor bai eduki ditugula oso erreakzio positibo eta interesgarriak, eskerrak emanez bertsolaritzara modu erakargarri eta positibo batean gerturatzeko emandako aukeragatik. Pelikula ikusi eta gero bertsolaritza beste modu batean ikusiko dutela uste dut eta agian euskara ere bai».

Dagoeneko bertso munduaren jakitun direnentzat, bestalde, pelikula polita eta duina egin duela uste du Altunak. «Banekien hemengo ikuslearentzat ere nire begirada izan litekeela zerbait ezberdina, eta finala bezalako egun batean bertan izan zenak uste dut gustura ikusten duela egun hori errepresentatua pantaila handi batean. Hor sortu ziren emozioak gogorarazten dizkio». Iritzi positiboak jaso ditu gehienean, «bai sumatzen dudala egon daitezkeela kasuak hemengo ikusleak beste zerbait espero izana. Baten bati agian Txirritaren figura gustatzen zaio eta faltan botatzen du pelikulan... Baina bertsolaritza hain da zabala, ez badiozu zerbaiti heltzen galdu egiten zarela».

Emakumea eta gaztea

Bi urtetan saio ezberdinak grabatzen aritu da bergararra, «saiatu naiz ezberdinak izaten, bai bertsolariak, bai espazioak, saioaren berezitasunagatik...», eta ateratako ondorioetako bat da momentu hauetan bertsolaritza oso gaztea dela eta emakumeek gero eta toki nabarmenagoa dutela. «Ez bakarrik Maialenek txapela irabazi duelako. Hori belaunaldi baten aldaketa da. Bertso eskoletara egin ditudan bisitetan ikusi dut neskaz beteta daudela. Eta indartsu datoz. Uste dut datorren bertsolaritza genero aldetik berdindua edo alde femeninora egingo duena izango dela».

Miren Amurizaren figuran irudikatu du hori filmean eta bertsolariaren sentsazioak amildegiaren ertzean, itsasoko uretan edo hitzez jositako hormen bidez helarazi dizkio publikoari.

«MIMATUA»

«Uste dut emaitzak erakusten duela teknikoki ondo eginda dagoela. Pelikula txikia da, baina ondo zainduta eta mimatuta dago. Gutxirekin zerbait handia egin daitekeela ikusten da. Malabareak eginez aritu gara», esan zuen Altunak.

UNIBERTSALAK

Euskal gaia izan arren, kanpotarrak izan ditu gogoan pelikula grabatzerakoan. «Beti gustatu izan zait hemendik abiatzea, baina ikuslea berdin zait nongoa izan. Istorio unibertsalak kontatzea gustatzen zait».

Un tesoro sugerente, redondo y emocionante

La participación de la película en la Sección Oficial de Zinemaldia ha propiciado que la película sea vista por un público mucho más amplio a lo que se le prevé a una cinta en euskara. Han sido numerosas las críticas realizadas y todas coinciden en la belleza poética de «Bertsolari». El crítico de GARA Mikel Insausti titulaba «Atzekotz aurrera» y señalaba que Altuna «acierta a ilustrar su funcionamiento con ejemplos visuales muy esclarecedores». Iratxe Fresneda añadía que «el universo que nos muestra es sumamente sugerente e interesante, un tesoro». En «Berria», Beñat Eizagirre decía que «`Bertsolari no ha fallado, podemos decir que es un trabajo redondo».

El crítico de cine de «El Diario Vasco», Mikel G. Gurpegui describió que «Asier Altuna ha trenzado una hermosa pieza», y añadió que «`Bertsolari' es un orgulloso homenaje, hecho por personas capaces de apreciar cuanto de emocionante y significativo hay entre los bertsolaris, y trasladarlo con gusto a la pantalla». En el mismo medio, el escritor Harkaitz Cano comentaba en euskara que «Asier Altuna ha enriquecido con hermosas metáforas de cosecha propia la fuerza de la palabra y el estatismo». «Una lección emocionante de cómo se puede entender y transmitir qué es eso de la poesía», señalaba Juan Zapater en «Diario de Noticias». Por su parte, en «Cinemanía» Toni Vall destacaba «su dinamismo, su limpia y accesible construcción, su verbo claro y diáfano sin ataduras formales, coletillas expresivas ni forzadas connotaciones políticas». A.A.

Egaña: «Pelikularen haritik, garun ikerketa batean parte hartzeko aukera sortu da»
 
Andoni Egaña bertsolariak presentzia nabarmena dauka dokumentalean, eta atzo Bilbon izan zen, Altunarekin batera, bere esperientzia kontatzen. «Bertsolariok probak egin ditugu musikariekin, dantzariekin... eta orain zinemarekin suertatu da. Asierrek bertsolaritzari buruzko bere begirada aurkeztu du; hau ez da, noski, bertsolaritza guztia, baina niri oso begirada goxoa eta polita iruditu zait», esan zuen.

Zinemak jendearengana heltzeko duen indarra dela-eta, «bertsolari» izatetik «el de `Bertsolari'» izatera pasa dela ere aitortu zuen. «Donostiako Alde Zaharrean pasatu zitzaidan. Toledoko gizon bat hurbildu zitzaidan pelikula ikusi zuela eta galdezka, asko gustatu zitzaiola esanez. Hori ere esanguratsua da», azaldu zuen.

Altunarekin lan egitea oso esperientzia positiboa izan dela azpimarratu zuen eta bertsolaritza munduan zabaltzeko pelikula oso aberasgarria dela gaineratu zuen: «Asko aportatu dio, edozein tokitara goazela ere, aurkezpen txartel bat da, zure jardunaren parte handi bat azalduta daukazu pelikularekin. Orain arte, kanpora joaten ginenean, hitzaldien bidez ematen genuen gure berri, gero Joxerra Garzia, Jon Sarasua eta hirurok liburu bat atera genuen lau hizkuntzatan, eta orain beste elementu bisual-artistiko bat daukagu. Eta egia da, horrelako dokumental bat liburua baino irentsi-errazagoa dela».

Egañaren hitzetan, «interesgarria da Asierrek ziurrenik duela bi urte ez zituela hondartzako edo amildegiko irudi horiek izango buruan. Elkarrizketak egiten joan den heinean, guk esan, bere galbahetik pasatu eta irudi bilakatu ditu. Guretzat interesgarria da ikustea gu beti kontatzen saiatu garen hori Asierrek irudiekin nola ikusi duen».

Baina agian pelikularen ondorio harrigarrienetako bat ikerketa batean parte hartzeko sortutako aukera izan da. Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentrora joan ziren irudi batzuk grabatzera. «Pelikulan azaltzen dena -Egaña ikus daiteke eskaner baten barruan sartuta kopla kantuan- ez da benetakoa, paripe bat da. Baina pelikularen haritik, han egindako harremanaren ondoren, benetan hasi gara beraiekin lanean».

BCBL garunaren ikerkuntzaz arduratzen da, eleaniztasunaren inguruko ondorioak atera ditzakete, eta «Alzheimer edo Parkinson moduko gaitzen ikerkuntzarako izan gintezke bertsolariok baliagarri», esan zuen zarauztarrak, nahiz eta lehenengo ondorioak ezagutzeko pare bat urte itxaron beharko den. Oraingoz, aztergai izango dituztenak «maila homogeneo samarreko bertsolariak gara, ama hizkuntza euskara dugunak eta ezkerrak ez garenak, garunaren funtzionamendua aldatu egiten delako. Orain hori nahi dute, gero ezberdinak hartzen hasiko dira», aurreratu zuen Egañak. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo