GARA > Idatzia > Euskal Herria

Marotok bilera eskatu dio Lakuari, autobus geltokiaren proiektuari uko egin ostean

Lakuak Euskaltzaindia plazako autobus geltokiaren egitasmoa ezetsi duela-eta, Gasteizeko alkateak «premiazko» bilera egin nahi du. Jarrera «desleiala» leporatu dio Marotok, «xehetasunak jakin gabe» uko egiteagatik.

GARA | GASTEIZ

Javier Maroto (PP) Gasteizeko alkateak «premiazko bilera» eskatu dio Lakuari, Euskaltzaindia plazako autobus geltokiaren gaineko xehetasunak eskatzeko, Patxi Lopezen Gobernuak kokaleku berria ezetsi egin duela-eta.

Lakuaren jarrera «desleiala» salatu zuen Marotok atzo ohar baten bidez, plana «ezagutu gabe» honi uko egiteagatik, eta bide batez, Gasteizeko proiektuei trabak jartzeko egiten duen «ahalegina» ere salatu zuen.

«Ezin dute jarrera hori izan, eta are gutxiago gaur egungo egoeran, erakundeen arteko adostasunak gailendu behar duenean proiektu estrategikoei dagokienez», adierazi zuen.

Gogorarazi zuenez, geltoki berriak hiriko garraiobide publiko guztiak bilduko ditu, ibilgailu pribatuentzat eraikiko den aparkalekuaz gain. Forondako aireportutik gertu dagoela goraipatu zuen alkateak, eta beraz, geltokiaren intermodalitatea ukaezina dela gaineratu zuen. Trenbideen lurperatzeari dagokionez, adierazi zuen oraindik Sustapen Ministerio espainolaren txostenaren zain daudela, eta horrenbestez, behin betiko ibilbidea ez dagoela onartuta.

Antzeko beste proiektu batzuk «inork ez ditu zalantzan jartzen», adierazi zuen, Madrilgo Nuevos Ministerios aldageltokiari erreferentzia eginez, «Barajaseko aireportutik lau kilometrora egon arren». Ezinbestekotzat jo zuen, beraz, Gasteizeko geltokiari irtenbidea ematea.

Gasteizeko Udal Gobernuak defendatzen duen proiektua Euskaltzaindia plazan kokatzen da, Lakua auzoan. Hain zuzen, leku horretan, PSEk zuzendutako aurreko Udal Gobernuak BAI Center kongresu jauregia eta auditoriuma eraiki nahi zituen, baina PPk eta Bilduk gelditu egin dute proiektua.

2014rako gauzatuta

Javier Marotok bilera eskatu du, hain zuzen, geltokia 2014. urtean «errealitatea» izango zela esan zuenetik astebete igaro denean. Proiektua «ezin alboratuzkoa» da Udal Gobernuarentzat eta «legealdi honetan gauzatuko da», baieztatu zuenez.

Arkitektoei 34 asteko epea eman diete hasiera batean Arriaga parkean egitekoa zen geltokiaren proiektua kokaleku berrira moldatzeko. Helburu nagusia, haren esanetan, Los Herran geltokia ordezkatzea da, «horretarako Arriaga parkea suntsitu beharrik gabe».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo