GARA > Idatzia > Euskal Herria

Fiskalak ez du frogarik konpartsetako kideen aurkako akusazioari eusteko

Madrileko Auzitegi Nazionalean egunotan deklaratzen ari diren 19 konpartsakideei «terrorismoa goratzea» leporatzeko froga nahikoa dagoenik ez du uste Fiskaltzak. Bilboko konpartsek gogor salatu dute auzia, 2009ko gertaerak direlako, ertzainak lau txosnetan sartu zirenekoa.

GARA | MADRIL

Auzitegi Nazional espainoleko fiskaltzak ez du nahikoa froga ikusten konpartsetako hemeretzi kideei «terrorismoa goratzea» egozteko. Atzo hasi eta bihar artean deklaratuko dute konpartsakideek, Madrilen. 2009. urtean, Bilboko Aste Nagusian, Ertzaintza lau txosnetan sartu zen eta aurkitutako konpartsekide presoen argazkiak eta karikaturak kendu zituen.

Atzo ordu erdi inguruz deklaratu zuten kide horietako seik eta Ismael Moreno epaileak aske utzi zituen kautela-neurririk gabe. Ane Muguruza, Xabat Moran, Joana Castresana, Irati Sierna, Irati Quetzal eta Gaizka Andoni Astroquizaga dira. Txosnetan ez zutela inongo argazkirik jarri adierazi zuten sei kideek.

Ismael Moreno epaileak auzia artxibatzea erabaki zuen pasa den uztailean, «ETAren gorazarrea» egon zela garbi ikusten bazuen ere, ezin zutelako frogatu konpartsakide hauek delituaren egileak zirenik. Hala ere, auzia berriz abiatzea erabaki zuen Zigor Arloko Hirugarren Sekzioko Salak, Dignidad y Justicia taldeak aurkeztutako kereilaren ostean, eta Kaskagorriko kideak inputatu egin zituzten.

Kide guztien deklarazioa entzun ostean auzia artxibatzea eskatuko du Fiskaltzak, datu gehiago aurkeztu ezean.

Gaur beste sei kidek deklaratu behar dute, hala nola Sonia Rahm, Maria del Carmen Benito, Vicente Sola, Andres Nuñez, Maria Soledad Larraona eta Maria Carmen Estebanek. Bihar beste zazpien txanda izango da: Bernardo Gomez, Euri Albizu, Julen Legorburu, Josefa Andoni Larreategui, Iñaki Antia Aguirre, Xavier Elortza eta Unai Lopetegui.

Bestalde, Bilboko konpartsek hemeretzi kide hauei babes osoa helarazi zieten atzo bertan, prentsa ohar baten bidez, eta Bilboko konpartsetako oinarririk garrantzitsuenetakoa adierazpen askatasuna dela nabarmendu. Horretaz gain, «lotsagarritzat» jo dute «orain hiru udako kontu honekin oraindik bueltaka ibiltzea».

Bilboko alkate Iñaki Azkunaren jarrera ere gogor salatu dute. Auzitegi Nazional espainolarekin bat egitea leporatu diote, baita «konpartsei bizkarra eman izana» ere. 2009ko Aste Nagusi hartan gertatutakoa «ikuskizun mediatiko-poliziala» izan zela salatu dute, eta hemeretzi kide Madrilera bidaltzeaz gain, beste konpartsakide batzuk ere identifikatu zituztela gogorarazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo