GARA > Idatzia > Kultura

«Senideok Aitzolen hezurrak non lurperatuta dauden jakin nahi dugu»

p047_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Orain dela 115 urte jaio zen Jose Ariztimuño Aitzol Tolosan, eta duela 75 fusilatu zuten Hernanin, atzoko edo gaurko egunarekin, ez dakite seguru. Batzuek urriaren 17a aipatzen dute, baina hilobian urriaren 18ko data agertzen da. Urteurren bikoitz hori gogoan, Euskal Pizkundearen Urtea izendatu dute 2011 hau eta ekimenak sortzen ari dira han eta hemen XX. mende hasieran euskal kulturari hainbertzeko bultzada eman zion belaunaldia omentzeko, bereziki Aitzol, mugimendu honen oinarrizko bultzatzailea eta euskararen herria maitatzeagatik eta bere alde lan egiteagatik bizia eman zuen apaiza.

Haren ondorengoa da Aitzol Azpiroz donostiarra, eta omenaldia egiteko jarri zioten izen bera. Gaztearen aitona, Eustasio Arrue Ariztimuño, Euskal Pizkundeko protagonistaren iloba zen, baita idazkaria ere. Kontatzen zuenez, pertsona hagitz-hagitz langilea zen Aitzol, gauza ugari abian jartzeko abilezia zuen; nahiko txarra zen, ordea, administrazio kontuak eramaten eta berak laguntzen zion arlo horretan Euskaltzaleak taldean zein «Yakintza» aldizkarian.

Aitona eta amona osabaren gorpua Hernaniko hilobian zegoela pentsatuz hil ziren, lehenengoa 2000an eta bigarrena aurten bertan. Baina bilobak badaki ez dela horrela, eta tristuraz adierazi digu familiak ez dakiela non dauden hezurrak. «Iñaki Egaña historialariak azaldu digu balitekeela Madrilen egotea, Valle de los Caidos-en, Francorekin batera. Gorpu asko lapurtu omen zituzten eta milaka omen daude nahastuta. Gernikako biktimak ere bai tartean».

Bertze aukera bat ere ikusten dute, Hernaniko hilerriko kaperan egotea. Hori ziurtatzeko, ordea, gotzainaren baimena beharko lukete eta zaila iruditzen zaie lortzea, Valle de los Caidos-eko hezurrak identifikatzea bezalaxe. Halere, jakin egin nahi dute gorpua non dagoen.

Apaiza, kanposantutik kanpo

Bortizki torturatu eta fusilatu ondotik, Aitzol kanposantuko kanpoko aldean, lur ez sakratuan, lurperatu zutela ekarri du gogora Azpirozek. Aipatu digunez, baliteke horren aitzinean norbaitek, apaizen batek agian, zerbait egin izana eta hilerri barreneko txokoren batean lur eman izana, era duinagoan. «Hasieran `J de A' jartzen zuen hilobian, eta urteak pasata jarri zuten `Jose de Ariztimuño'».

Apaiz euskaltzalea 1936an Baionan zegoen, «salbu, baina oraindik ulertzen ez dudan arrazoiren batengatik Bilbora abiatu zen `Galerna' itsasontzian». Pasaia parean frankistek preso hartu zuten ontzia eta Ondarretako kartzelara eraman zituzten bertan zihoazenak. Jean Pelletier frantsesa zegoen tartean eta berak deskribatzen du nola torturatu zuten Aitzol. «Hasperenak entzuten ditut, gorputz bati emandako zigorraren hots hitsa. Aldameneko gelan gizon bat kolpatzen ari dira, torturatzen ari dira», zioen bere lekukotzak.

«Guk, aldiz, betidanik entzun dugu etxean giltza ingeles batekin kolpatu zutela aurpegian eta hortz asko puskatu zizkiotela», adierazi du ondorengoak.

«Aiton-amonak Aitzolek ezkondu zituen eta elkarrekin bizi izan ziren. Birramonari etxez aldatzea gustatzen zitzaion eta hainbat etxetan egon omen ziren. 1936an Centenario plazan, `La Casa del Aguila' deitutakoan bizi ziren». Harreman handia eduki zuten eta anitz sufritu zuten jasan zituen tortura ankerrengatik eta izan zuen heriotzarengatik.

«40 urterekin hil zen; nik 37 ditut eta ez dut bere erdiaren erdiaren erdia ere egin! -erran digu umoreko-. Pizkundearen dinamizatzailea izan zen, Euskaltzaleak taldea sortu zuen, `Yakintza' aldizkaria, `El día' egunkaria, Bertsolari Txapelketa, Olerki Eguna... Bertsolaritzan, adibidez, oso abangoardista izan zen. Bertsoek antzokian egon behar zutela esaten zuen, eta gaur egun horrela da».

Talde hagitz interesgarria

«Euskal kulturan ahozkotasuna oso garrantzitsua da eta berak lan polita egin zuen hor. Lizardirekin eztabaida izan omen zuen, Aitzolek esaten baitzion oso poesia goi-mailakoa egiten zuela eta xeheago egiteko, jendearengana gehiago hurbiltzeko».

«Ostegun Eroak egiten zituzten -jarraitu du Aitzolek kontatzen-. Bilkurak gauerdira arte luzatzen ziren, ardoa ere izango zuten tartean... Kuadrilla oso garrantzitsua eta interesgarria biltzen ziren 30eko hamarkadan, Donostian bereziki. Lan handia egin zuten, gerora fruituak eman dituena».

Garai haietan ez zen ohikoa apaiz batentzat, baina Aitzol sindikalgintzan ere aritu zen lanean. «Apaiz batentzat komunistekin hitz egitea abangoardista zen orduan. `Camarada sacerdote' esaten zioten», agertu du irri artean.

Pertsonalki nolakoa zen galdetuta, edo berak zer irudi jaso duen etxean, isila eta langilea zela erantzun du. «Bost mila gauza hasten zituen beti eta jakina, bost mila horietatik hamar soilik bukatzen bazituen ere, egiten zituen gauzak eginda, asko zen. Lagun esanguratsuak zituen, Agirre lehendakaria, esate baterako. Ez zuen EAJko karnetik, baina berarekin bat egiten zuen nabarmen».

Alaia ere bazela gaineratu du, kartetan jokatzen zuela ilobarekin. Gaztearen amonak eta biek jokatu omen zuten egon ziren azken egunean eta amonak irabazi omen zion. Baina egin zuen lana nabarmenduko luke Azpirozek bertze gauza guztien gainetik, hori eta izan zuen «heriotza tristea, ezin ulertuzkoa. Norbaiti irakurri nion bezala, egin zuen bekatu bakarra bere lurra maitatzea izan zen».

«Después de la captura del Galerna que conducía correspondencia y algunos pasajeros tan siniestros como el energúmeno Aitzol, sacerdote separatista...», argitaratu zuen «Diario Vasco»k. Senideentzat hitz horiek gogorrak izan zirela azaldu digu Azpirozek. «Mal cura, mal vasco, mal español y peor ministro de Dios» ere idatzi zuten egunkari berean.

Aitzolen liburutegia

Aitzolen liburuen inguruan, bere ondorengoak jakinarazi du liburutegiaren zati bat «EAJk edo beste norbaitek hartu» zuela eta orain Koldo Mitxelena Kulturunean dagoela. «Aitonak eskatu zituen eta liburu batzuk eman zizkioten, baina hau guztia ez dut batere garbi. Koldo Mitxelenaren artxiboan begiratu dut eta badaude dokumentuak, ez dakit nork eta noiz emanak diren, ordea. Guk zenbait liburu, eskuizkribu txiki eta gutun ditugu etxean».

Aiton-amonak ezkondu eta altzariak eta etxeko gauzak erosi zituzten, 36an gerra etorri zenean, ordea, alde egin behar izan zuten eta itzuli zirenean ez zuten ezer aurkitu, dena lapurtu zieten. «Amonak kontatzen zigun bazekitela zeintzuk izan ziren lapurrak, bizilagun falangista batzuk. Eurengana azalpen eske joan zirenean, isilik egoteko gainerakoan haiek bukatuko zutela espetxean esanez mehatxatu zituzten».

Miresmen handia

«Amona pila bat akordatzen zen osaba Joserekin, ez zuten odolezko loturarik, baina asko maite zuen eta bere argazki bat eramaten zuen beti karteran. Fusilatu zuten eguna ailegatzen zenean beti esaten zuen «orain dela 40 urte hil zuten osaba Jose. Oso erlijiosoa zen eta berarentzat oso gogorra izan zen gertatu zena, bere elizak eman zion ezezkoa».

Oraindik apaiz anitzek, adinekoek bereziki, miresmen handia diote Aitzoli eta anitz hurbiltzen omen zaizkio Aitzol gazteari bere arbasoak zer-nolako lanak egin zituen oroitarazi eta esker ona agertzera.

Hizlari eta idazle ona zen. Bi liburu argitaratu zituen -«La muerte del Euskera», 1931n idatzia, eta «La democracia en Euzkadi», 1935ean-, baina anitzez gehiago idatzi zuen: eskuizkribuak, egunkarietako artikuluak... nazionalismoaz, euskaraz, erlijioaz zein kulturaz, horiek izan baitzituen ardatz bere bizitza intentsoan.

Bertsolaritzari, haur kantei eta emakumeei begira

Donostia Kulturak eta Eusko Ikaskuntzak antolatuta, Euskal Pizkundeari eta Aitzoli buruzko hitzaldiak eta mahai-inguruak eginen dituzte aste honetan San Telmo Museoan, bihar, etzi eta ostiralean, 19.30ean. Jone Miren Hernandez Eusko Ikaskuntzako kideak atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, euskararekiko eta euskal kulturarekiko konpromisoaz gain, Aitzolek abiatutako mugimendu honek berrikuntza zuen ezaugarri. Horregatik, jardunaldiotan berrikuntza hori islatzen saiatuko dira, bertzeak bertze emakumeen parte-hartzearekin.

Bihar bertsolaritza izanen da protagonista eta Joseba Zubimendik garaiko prentsan izandako paperaz hausnartuko du Xabier Euzkitzek. Gero, Hernandezek berak emakume idazle, hizlari eta bertsolarien gainean solas eginen du. Etzi, aldiz, haur abestiak hartuko dituzte ardatz. Jose Inazio Ansorena izanen da hizlarietako bat eta argitu zuenez, ez dute umeentzako hitzaldirik prestatu, gazte eta helduentzat baizik, baina parte-hartzailea izanen da, kantari jarriko dute jendea eta heldu den urtean 40 urte beteko dituzten Txirri, Mirri eta Txiribiton ibiliko dira tartean. Urteurrena ospatzeko eta Euskal Pizkundeko gizon-emakumeek haurren abestien arloan utzitako ondarea hobeki ezagutzen laguntzeko asmoz, disko berria kaleratu dute pailazo hauek, «Poxpolina, haurtxo denok elkarturik» izenekoa. Joserra Senperenak moldatua eta ekoitzia, kantu ezagunak eta inoiz grabatu gabeko abestiak tartekatu dituzte: «Haurtxo denok elkarturik», «Paristik natorren», «Kirikiriken»... CD hau doan banatuko dute hitzaldian.

Bideo koskorren lehiaketa martxan jarriko dute Facebooken eta webgunean (www.txirrimirrietatxiribiton.com), jendeak euren abesti famatuenekin bideo ederrak egin ditzan. Ansorenak iragarri zuenez, sari politak izanen dira. Gainera, Euskadiko Orkestrarekin kontzertuak eginen dituzte eta ipuin klasikoen sail bat argitaratu: Txirri, Mirri eta Txiribitonek hiru txerritxoak, txanogorritxu eta bertze pertsonaia ezagun ugari xaxatuko dituzte.

Jardunaldiei bukaera emateko, ostiralean emakumeak kulturgintzan duten lekuaz arituko dira eta biografia eta ekimen batzuk aztertuko dituzte adituek. Amaia Alvarez EHUko irakaslea Katalina Eleizegiren inguruan mintzatuko da; Igone Etxeberria, Labayru ikastegikoa, Sorne Unzueta Utarsus-i buruz; eta Maite Nuñez Lindenwood Unibertsitateko irakaslea eta Eusko Ikaskuntzako bazkidea, «Gure Herria» aldizkariaz.

San Telmoko erakusketan, Aitzolek sortutako «El día» egunkaria eta «Yakintza» aldizkaria ere kontsultatzen ahalko dira. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo