GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

CONFERENCIA INTERNACIONAL DE DONOSTIA

Euskal Herrian inoiz atera gabeko eta kolore askotariko argazkia utzi du Aieteko Jauregiak

Mikel JAUREGI | DONOSTIA

Aieteko Jauregiko Konferentziak, nazioarteko ordezkarien adierazpenaz eta parte-hartzaileek egindako balorazioez gain, Euskal Herrian inoiz atera ez den moduko argazkia utzi du historiarako. Politika, gizarte eta sindikalgintza alorreko dozenaka euskal eragile, arras ezberdinak, batu zituen mahai berean; soil-soilik, PP, UPN eta UPyD alderdiek egin zioten muzin Donostian egoteko aukerari.

Euskal Herriko ordezkarien artean iristen lehena, eguerdia pasatxo, Uxue Barkos izan zen (NaBai-ko zinegotzia Iruñean eta Geroa Bai-ko hautagaia Madrilgo Kongresurako). Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Paul Rios Lokarri-ko koordinatzaileak eta Nazioarteko Harreman Taldeko sustatzaile Brian Currinek egin zioten harrera.

PSEko ordezkaritza heldu zen segidan, 12.20 inguruan: alderdiko presidente Jesus Eguigurenek eta Ermuko alkate eta batzorde exekutiboko kide Carlos Totorikak osatutakoa. Hamar bat minutu geroago, Pello Urizar (EAko idazkari nagusia), Rebeka Ubera (Aralarreko batzarkidea Gipuzkoan) eta Ainhoa Etxaide (LABeko idazkari nagusia) iritsi ziren. Minutu gutxira, Mikel Arana Ezker Anitzako burua bertaratu zen. 12.40an, berriz, EAJko presidente Iñigo Urkullu eta EBBko kide Joseba Aurrekoetxea iritsi ziren, eta haiekin batera Alternatibako buru Oskar Matute.

Horien atzetik, apurka-apurka, gainerako guztiak gerturatu ziren Aietera: ezker abertzaleko ordezkari Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena eta Anita Lopepe; Ezker Batuko eledun Jesus Navas; ELAko idazkari nagusi Adolfo Txiki Muñoz; CCOOko idazkari nagusi Unai Sordo; eta UGT-Euskadiko Antolakuntza idazkari Raul Arza.

Ipar Euskal Herriko ordezkari politikoen presentzia ere esanguratsua izan zen: UMPko Max Brisson (Nicolas Sarkozy presidentearen alderdikidea); Modem zentristako Jean-Jacques Lasserre senataria eta Jean-Rene Etchegaray Baionako alkateordea; PSko Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez ohia eta Frederique Espagnac senatari bearne- sa; eta ABko Jakes Bortairu. CFDT sindikatuak ere ez zuen hutsik egin nahi izan halako hitzordu batean, eta Mixel Larralde bidali zuen Donostiara.

Espagnac, hizketarako prest

Urte luzetan Estatu frantsesak «kanpoko arazotzat» jo du Euskal Herriko gatazka politiko eta armatua, «Espainiak konpondu beharrekoa», baina Pierre Joxe Barne ministro ohiak Konferentzian izan zuen parte-hartze zuzenak eta Aietera hurbildutako ordezkarien pisuak bestelako jarrera baten sentsazioa utzi zuen.

Horren adierazle izan daitezke Espagnacek «Euskal Herriko Kazeta»ri esandakoak. Paueko politikariak -François Hollanderen gertukoa da, eta PSko hautagaia Presidentetzara iritsiz gero ministro izan daitekeen ustea zabaldu da-, nahiz eta Parisek egin dezakeenari buruz ez zuen gehiegi esan nahi izan, elkarrizketa guneetan parte hartzeko prestutasuna agertu zuen, «gatazka konpontzeko bidean».

Kotte Ezenarro ere berdintsu mintzatu zitzaion GARAri. «Ekintza-errepresioa dinamikatik ateratzeko» beharra nabarmendu zuen, adiskidetzeari heltzea aldarrikatu -«zaila izango den arren, Adamsek esan duen bezala»- eta Estatu frantsesak kartzela-politika alda dezakeela esan, «Patxi Lopezek finkatutako proposamenaren ildoan».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo