Ur Apalategik jasoko du, zantzu guztien arabera, narratibako Euskadi literatura saria
GARA | BILBO
«Fikzioaren izterrak» (Susa), Ur Apalategiren zazpi istorioz osatutako ipuin bilduma izango da, itxura guztien arabera, ostegunean ezagutzera emango diren Euskadi literatura sarietan euskarazko narratiba saileko epaimahaiak urteko liburu onena aukeratuko duena. Albistea Lakuak baieztatu ez badu ere, atzo Markos Zapiain idazle eta filosofoak Euskadi Irratian aurreratu zuen berria, eta sarien inguruko gertuko iturriekin kontrastatu ahal izan zuen GARAk.
Bitxia ere bada, zazpi ipuin horietako batean, literatura sari bateko epaimahaikideen gorabeherak ditu ardatz Apalategik, azpijokoan dihardutela, gainera.
Izan ere, bere aurreko bi liburuetan bezala, liburu honetan ere idazlearen figura nagusitzen da. «Denok gara fikzio kontsumitzaile eta fikzio sortzaile», nabarmendu zuen Apalategik iazko urrian, liburua aurkeztu zuenean. «Fikzioaren pantaila tarteko, egiten diogu aurre errealitateari eta horri esker bakarrik gara gai mundu errealari aurre egiteko», esan zuen.
Zalantzak ostegunean argituko dira, saiakera modalitatean Joseba Sarrionandiak irabazi ostean izandako iskanbilaren ondotik, egun horretan jakinaraziko baititu Lakuak esleitzeko falta diren lau modalitateetako garaileak: euskarazko eta gaztelaniazko narratiba eta haur eta gazte literatura.