Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Kontalari, eta gehiago
Aurrekoan lagun batek lan eskaintza baten berri ematen zigun. Bere asmoa ez zen lan horretan izena eman genezan; gure lanbidea, baina, batez ere, kulturaren «merkatua» nola dagoen erakustea baizik. Lan eskaintza honakoa zen: «Se busca monitor-cuentacuentos-multicultural». Hasiera batean harrituta gelditzen zara, eta amorratzen hasi, «Zer demontre da hori!».
Pixka bat pentsatzen hasita, ordea, irribarrea hazten da ezpainetan, azkenik txiste bat kontatu izan balizute bezala. Hasten zara pentsatzen zer demontre egin beharko du halako beharra hartzen duenak, baina nahikoa izango duzu, gutxienez, Lanbide Hezkuntza ikasi izana; urtebeteko esperientzia, eta ahal izanez gero, urrutiko kultura batekoa izan. Eta aurrera.
Zeure burua ikusten duzu lan horretarako aurkezten. «Euskalduna izateak urrutiko kultura bateko partaide gisa puntuatuko al du, Valladoliden?». Lagun honek berak kontatu zidan, behin, Salamancako liburutegi batean ipuinak kontatzeko aukeraketara aurkeztu zela, kuriositatez batez ere. Eta ez zuten hartu, urteak eman arren ipuin kontaketan. Arrazoietako bat izan zen, ez zituela ipuinak hasteko formulak erabili. Ez zitzaion askorik inporta, 40 euro saioko ordaintzen baitzuten. Eta jakina, diru horrekin formuletarako ez da heltzen.
Ez da ideia txarra, ordea, izaera anitzeko ez-dakit-zer bat izatea. Hamaika lanpostutara aurkez zaitezke, bakar batean inolako ideiarik izan gabe, esaterako: sukaldari-kontalari-ekonomialaria, edo kontalari-eleanizdun-gidaria. Jakina, guztietan kontalari izan beharko duzu, horrela, behintzat, zer kontatu izango duzu. Eta merke gainera.