GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

CONFERENCIA INTERNACIONAL DE DONOSTIA

Hegazkin pribatu batean, elkarrekin Londrestik Loiura

p010_f03_139x100.jpg

Loiuko aireportuan oharkabean

Donostiako Konferentzian parte hartu behar zuten nazioarteko buruzagi gehienak eguerdirako heldu ziren Loiuko aireportura. Isilpean gorde zuten nola etorri behar zuten Euskal Herrira, eta azkenean, Londrestik hegazkin pribatu batean iritsi ziren bertara. Annan izan ezik, gainerako parte-hartzaile guztiek elkarrekin egin zuten bidaia, horien artean Irlanda iparraldeko gatazka armatuari irtenbi- dea emateko negoziazioaren bultzatzaile izandako Jonathan Powell, Gerry Adams eta Bertie Ahern. Hirurak elkarrekin ikusi genituen, baita Gro Harlem Brundtland Norvegiako lehen ministro ohia ere. Oharkabean igaro ziren aireportutik; sarbide mugatua duen txoko batean zain izan zituzten segurtasun gizonak, eta hegazkinetik jaitsi bezain laster auto ezberdinetan igo eta Donostiarantz abiatu ziren.

Atsenaldian Donostiari so

Arratsaldeko laurak aldera atsedenaldi txikia egin zuten Konferentzian parte hartu zutenek. Aieteko Jauregian zabaltzen den ikuspegiaz gozatzeko tartea izan zuten, eta hala ikusi genituen partehartzaile ugari terrazan, Martin Garitanorekin batera.

Segurtasun neurri handiak

Garrantzi handiko nazioarteko buruzagiak direla agerian utzi zuten Aieteko Jauregian zein aireportuan hartutako segurtasun neurriek. Paperontzi guztiak prezintaturik zeuden, eta hainbat ertzain ikus zitezkeen eraikineko atearen inguruan zein barruan. Aldi berean, inguruko lorategietan zein jauregi barruan, lehergaiak aurkitzeko prestaturik dauden txakurrak egon ziren zaintza lanetan.

Etxeberriaren Gorbata hizpide

Britainiar ukitua izan zuen antolakuntza guztiak, eta parte hartu zuten ordezkarietan ere islatu zen seriotasun kutsu hori. Komunikabideen artean zeresana eman zuten ezker abertzaleko ordezkariek erabilitako arropek, batez ere Rufi Etxeberriak gorbata eraman izanak. Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano gorbatarekin ikusi zutenean harridura sortu zuen, baina are gehiago Etxeberria agertzerakoan. Juan Karlos Izagirre eta Oskar Matute izan ziren eraman ez zutenetako batzuk.

Ipar Euskal Herritik, asko

Ipar Euskal Herriko komunikabide ugarik zuzenean jarraitu zuten Konferentzia. Bertan izan ziren, esaterako, «Le Journal du Pays Basque-Euskal Herriko kazeta», «Sud Ouest», «France Press», «France 3», «France2» eta Euskal Irratiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo