Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Oharra (I)
Aurreko asteko zutabean egiten nituen adierazpenetako batzuk zapore txarra utzi zidaten ahoan. Bertan esaten nuen «larre berdeak, etxe zuri, teila gorriak» alde batera utzi eta euskal herritarrok bizi dugun errealitatearen konplexutasunari heldu beharko geniokeela, hots, exotizismoaren diskurtsoari uko egin behar geniola.
Adierazpen horren inguruan, bi kontu argitu beharko nituzkeela iruditzen zait. Lehenik eta behin, argi utzi nahiko nuke ez nagoela (ezta inolaz ere!) landa-eremuaren kontra.
Landa-eremua modu sinplista batean irudikatzen duten diskurtsoen kontra nago, bai, baina landa-eremua bera gure errealitatearen parte dela zalantzarik ez dut (puntu honetan, Foucaultek orainaz esango lukeena nire egiten dut, hots, oraina iraganarekin elkarrizketan ulertu behar dela; ildo horretan, landa-eremua iraganeko kontua da, baina gaurkotasuna ere badu iragan horren eraginagatik, hain zuzen).
Diskurtso sinplistek duten arriskua da aurreikuspen jakin batzuk betetze aldera gertaerak manipulatzeko joera dutela, gertaera horiek direna baino ederrago ala okerrago azalduz.
Txomin Agirreren kasuan, landa-eremua (eta itsas mundua ere, ezin «Kresala» ahaztu) mundu «idilikoa» bailitzan azaltzen zaigu: gizonak aktore nagusiak dira, eta emakumeak otzanak eta maratzak, Agirreren beraren hitzak erabiltzearren. Bada, batek ez du teoria feministan aditua izan behar ohartzeko Agirrek deskribatzen digun mundua gizon baten ikuspuntutik eraikia izan dela.
Are gehiago, pixka bat marxista jarriz gero, esan genezake Agirreren lanetan ez dagoela landa-eremuko lan baldintzei buruz inolako gogoeta kritikorik.