GARA > Idatzia > Kultura

John Gutmann, argazkilari ofiziotik artea egin zuena, Bilbon

Bilboko Rekalde aretoak John Gutmann argazkilariaren atzera begirakoa inauguratu zuen atzo. Alemania jaioterrian jasotako margolari formazioarekin, bestelako ukitua eman zion XX. mendeko argazkigintzari. Kazetari eta sormen lanak uztartu zituen artista honen 130 zuri-beltzeko argazki daude orain ikusgai urtarrilaren 8ra arte.
p056_f01_250x164.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Berak margolari izan nahi zuen, baina bizitzako gorabeherek eta Amerikako Estatu Batuen «kosmopolitismoak» eragin zioten lilurak, argazkigintzarako jauzia egitera bultzatu zuten. John Gutmann (1905-1998) Breslau hiri alemaniarrean jaio zen, egun Poloniako Wroclaw -Donostiarekin batera, 2016an Kultura Hiriburu- dena. Otto Mueller margolari espresionistaren ikasle nabarmen ona izan zen, baina «errealitate politikoa artearen gainetik ezartzen da gehienetan», esan zuen atzo Carlos Gollonetek, erakusketaren komisarioak, eta 1933an AEBetara alde egin behar izan zuen.

«San Frantziskon kokatu zen, eta berehala liluratu zuten Ipar Amerikako gizartearen modernotasunak eta kosmopolitismoak. Berlingo espresionismoaren eredu modernoak barneratuta zituen, han hartu baitzuen prestakuntza; baina gai izan zen margolari gisa zuen sentikortasuna argazkigintzara eramateko, eta etengabeko jarioan zebilen errealitatearen bat-bateko argazkiak egiteko», esan zuen Gollonetek.

Berlingo Presse-Photo agentziarekin lortu zuen lehenengo lan kontratua, Amerikako berri Europan zabaltzeko helburuz, eta horri esker bizimodua aurrera atera ahal izan zuen, nahiz eta Hitlerren Alemaniak berak bidalitako argazki gehiegi argitaratu ez.

Garai hartan ezohikoak ziren irudiak betikotu zituen Guttmanek, angelu ezberdinak bilatuz, eguneroko egoerak modu original eta ederrean azalduz. Bere objektiboak kale bazterreko kartelak, autoak, graffitiak... harrapatu zituen, baita kaleko jendearen joan-etorriak ere. «Bere irudiak erreportaje dokumentalen mugez harago doaz, eguneroko bizitza jasotzen duten adierazpide guztiz harrigarriak eta bereziak baitira».

Tartekia

Arizonako Unibertsitateko Center for Creative Photography zentroak eta Mapfre Fundazioak prestatu dute erakusketa, eta gaika antolatu dituzte 130 zuri-beltzezko argazki.

«Deserrotutako ikuspegia» atalean, kaleko errealitatea erakusten dute Gutmannen argazkiek. Autoak eta pertsonak dira protagonista nagusiak. AEBetako hiriek sortu zioten lilura, berriz, «Metropoli berri batekin topatzea» atalean islatzen da. Eraikinak edo kaleak topatuko ditugu argazki hauetan, bai San Frantziskoko irudiak, baita New Yorkekoak ere. Gutmannek «espiritu indibidualista amerikarraren erakusgarritzat» zuen autoari ere beste atal bat eskaini diote erakusketan.

«Irudi amerikarrak» sailean, Gutmann bereziki kezkatzen zuten «bazterreko jendea» ageri da argazkietan. «Hirietan edo landa-guneetan biltzen ziren era guztietako kulturen erretratua jaso zuen, betiere, bazterreko pertsonak arreta bereziz hartuta. Artistak omenaldia egiten die bakartiei, moldakaitzei, borrokalari asaldagaitzei eta bizirik irauten dutenei, askatasunaren eredu gisa hartuta», azaldu zuten. Bestalde, artistak, atletak eta zirkuko pertsonaiak «Inauterietako espiritua» argazki bilduman elkartu dituzte.

Erakusketa «Gerra seinaleak» sail ikusgarriarekin bukatzen da. Txina, Myanmar eta Indian egindako argazkiak ageri dira, Gutmannek, 1942an AEBetako indar armatuetan izena eman ondoren egindakoak. Izan ere, Asiako gerrako Informazio Bulegoko kamerografo militar gisa lan egin zuen urte haietan.

Gutmannek eskainitako azken elkarrizketa eta berarekin lan egindakoen nahiz gertuko ezagunen hitzak biltzen dituen bideo proiekzioak ixten du bere burua beti margolaritzat izan zuen artista honen erakusketa.

BESTELAKO EKINTZAK

Ostegunero bisita komentatuak egingo dituzte 19.00etan eta tailerrak ere izango dira, artista, memoria eta familia tailerrak, besteak beste. Doakoak izango dira, baina aldez aurretik erreserba egin beharko da www.salarekalde.bizkaia.net webgunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo