TOP 14
Iritsi zaie esnatzen hasteko garaia euskal taldeei
Biarritzek eta Avironek gaur bazkalostean jokatuko dituzten norgehiagokak galtzen baldin badituzte, jaitsierako postuetan izango dira bi talde lapurtarrak.
Jon LEUNDA
Iritsi zaie Biarritzi eta Avironi esnatzen hasteko garaia. Dauden egoeran ez daukate huts egiten jarraitzeko tarterik, bestela gauzak okertzen joango baitzaizkie. Gaur, garaipenak bakarrik balioko die, bestela biak izango baitira jaitsierako bi postuetan geratuko diren taldeak.
Biarritzek Agileran Lyon hartuko du. Beheko postuetako bi talderen arteko neurketa da. Zuri-gorriak sailkapeneko azkeneko postuan daude, eta frantziarrak, azken-aurrekoan. Biak daude, beraz, jaitsierako postuetan, eta biek hortik ihes egin nahi dute; beraz, garbi dago gaurko puntuek bientzat sekulako garrantzia izango dutela.
Bien artean badago, ordea, alderik. Lyon mailari eusteko egindako taldea da. Liga hasterako hor ibiliko zirela bazekiten; beraz, dauden lekuan egotea ez da ezustea. Zuri-gorrien kasua oso ezberdina da. Oso goian ibiltzeko taldea da eta azkeneko postuan daude. Nahiz eta Munduko Txapelketak kalte handia egin dien, inork ez zuen usteko Ligaren hasieran, zazpi jardunaldi jokatu eta gero, azkeneko postuan egongo zirenik. Jokalari batzuk jadanik berreskuratu ditu, eta beraien jokoa sumatzen hasiko delakoan daude zaleak.
Biak oker
Bestalde, emaitzei begiratuz gero ere, oso kaskarrak dira, partida bat besterik ez baitute irabazi, eta horrek argi eta garbi adierazten du zergatik dauden sailkapenaren amaieran. Egindako jokoa ere oso maila eskasekoa izan da.
Gauzak normal joan balira, gaurko partidarako garaipena eta puntu gehigarria lortzea izango zen helburu nagusia, baina oraingo egoeran irabaztea bakarrik ere ez litzateke batere txarra izango. Horri bonusa gehituz gero, askoz ere hobeto, baina garaipena izan behar du lehentasun.
Avironen egoera ere ez da hobea. Ez daude jaisteko postuan, baina gaur galtzen badute, eta beraien atzetik dauden bi taldeak elkarren aurka arituko direla kontuan hartuta, beraiek sartuko lirateke zuloan. Gero postu horretatik irteteak lan handia eskatzen du, nahiz eta hauek ere Munduko Txapelketaren ostean jokalari batzuk berreskuratuko dituzten.
Briveren zelaian arituko dira hiriburukoak, eta garaipen batek gora egiteko bidea erakutsiko lieke; beraz, horretan saiatu behar dute. Talde bakoitzak bina garaipen lortu ditu orain arte, baina bi taldeongandik askoz ere gehiago espero zen. Avironek, hala eta guztiz ere, Biarritzek ez bezala, bi aurpegi erakutsi ditu orain arte, eta gaurkoan alde ona erakustea komeni zaio, Baionan ere zaleak urduritzen hasita baitaude. Bai Biarritzen bai Avironen partida 14.15etik aurrera jokatuko dira.
Denboraldi hau hasterako denek zekiten zer zetorkien. Izan ere, Munduko Txapelketa amaitu bitartean talde askok jokalari ugariren hutsunea izango zuela argi zegoen.
Hori aintzat izanda osatu dituzte Top 14ko taldeek beren plantilak, baina garbi dago ez Biarritzek ez Avironek ez dutela asmatu. Zuri-gorrien izar nagusiak, Yachvili eta Harinordoki, falta dira, eta asteburu hau pasatzeko irrikaz daude Agileran, horien hutsunea inork uste baino gehiago igartzen ari baitira zuri-gorriak.
Avironek oso jokalari onak fitxatu ditu, baina asko Ozeania inguruan ibili dira eta zain egon beharko dute. J.L.
Lyon taldea izango da gaur bisitari Agileran. Frantziarrak dira sailkapenean euskaldunak baino postu bat gorago daudenak. Egoera arrunt batean garaipena eta puntu gehigarria izango lirateke helburuak, baina irabaztea bakarrik ere ez da txarra izango.
Brivera egingo du bisita Avironek. Azken jardunaldietan gora egin duen taldea da, baina Baionakoak gai dira han irabazteko. Horretarako, orain arte erakutsi dituen bi aurpegietatik zein erakusten duen ikusi beharko da.