Europan arrakasta lortu duten lanak, euskal irakurleen eskura
Gilles Vanderpoot aktibista gaztearen eta Stephane Hessel eskarmentudun diplomazialariaren solasaldi bizi-bizia; Emmiren eta Leoren maitasun gutunak; independentzia lortu berri, emozioz dar-dar egiten duen Estonia; eta Arkadia zaharreko mitoak ekarri ditu Batera sailak.Maider IANTZI | DONOSTIA
Ereinen eta Alberdaniaren Batera sailak askotariko liburuak euskaratu ditu, bere asmoa «beste hizkuntza batzuetan arrakasta izan duten lanen atzetik abiatzea» baita, eta gero horiek euskal irakurleei eskaintzea. Josu Zabaleta itzultzaileak azaldu bezala, «iturburu askotara jotzeak aberastuko gaitu, horrek egingo gaitu autonomo».
Konprometitu zaitezte!
Stephane Hesselen liburuetatik euskaratutako hirugarrena baina argitaratutako bigarrena da Josu Zabaletak itzuli duen hau. Gai askori buruzko elkarrizketa batzuen ondorio da. «Non daude gaur egun eskandalu nagusiak?», galdetzen dio, adibidez, Gilles Vanderpootenek Hesseli. «Eskandalurik handiena ekonomikoa dela iruditzen zait niri; desberdintasun sozialena, bere osotasunean oso estu loturik dagoen planeta honetan aberastasunik handienaren ondoan pobretasunik larriena egotea».
Hessel hagitz pertsona interesgarria dela eta horrek liburuari balioa ematen diola nabarmendu zuen Zabaletak. 1917an jaio zen Berlinen, baina txikitatik Parisen bizi da. Erresistentzian borrokan ibilia da, atxilotua eta ihes egina, eta gerra amaitu ondotik diplomazialari hasia. 1948an Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala idatzi zuenetako bat izan zen.
Ipar haizearen kontra
Irati Elorrietak ekarri du euskarara Daniel Glattauer vienarraren libururik arrakastatsuena. «Emmi eta Leo dira pertsonaia nagusiak. Emmik mezu elektroniko bat bidaltzen du aldizkari baten harpidetza ezeztatzeko, baina nahastu, eta Leok jasotzen du. Hezibide onekoa denez, erantzun egiten dio, eta Emmiri gustatu, eta beste mezu bat igortzen dio», agertu zuen Inazio Mujika editoreak. Hala sortzen da bien artean maitasunezko harreman birtual bat.
Lanaren dohainen artean, kontaketa inteligentea, inoren postan sartzearen morboa, gidoi lan perfektua eta jolasa aipatu zituen, baita sentsazio bat ere: «Non arraio ikusi nau Glattauerrek ni?». Tanttakak izen bereko antzezlana estreinatu du, liburuan oinarritua.
Garbiketa
Sofi Oksanen finlandiarraren eleberri hau antzerki obra izan zen liburua baino lehenago. Stalinen diktadura sufritutako adineko emakume baten eta mafia errusiarren esku prostituzioan aritu behar duen neska gazte baten erlazioa ardatz duen istorioa euskaratzea familiako lana izan da, Mia Rissanen eta Joseba Ossa senar-emazteak eta alaba aritu baitira elkarlanean. «Erronka polita izan da hain ongi ezagutzen ditudan finlandiar hitzak euskaratzea», adierazi zuen Rissanenek. Ossak, aldiz, 1991n Estoniara bidaiatu zutenean, emozioz borborka sumatu zutela ekarri zuen gogora eta eleberri osoan agertzen den testuinguru horrekin batera aipatu zuen Euskal Herriak bizi duena.
Arkadia iratzarria
Kai Meyer idazle alemaniarrak Siziliako mafiaren zirrikituak erakusten ditu arkadiar mitoaren ikuspegi berezi batekin uztartuta. Lan hau ez dago gaztelaniaz eta, hala ere, euskarara ekartzea apustu txiki bat izan da Baterarentzat, editoreek erran zutenez. Alcantara eta Carnevare familien arteko lehia ageri da lanean, Rosa Alcantara eta Alessandro Carnevareren ezinezko maitasuna, mafiak, dirua, negozioak... eta horiekin batera, mundu fantastiko bat.