GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hurrengo urratsak estatuei dagozkie, eta ez lukete zertan bozetara arte itxaron

ETAk herenegun jakinarazi zuen adierazpen historikoa Aieteko Adierazpenari emandako berehalako erantzuna izan zen, aro berria zabaldu duen erantzuna. Jakina, gatazka politikoa ez da amaitu, atzo ezker abertzaleak gogorarazi zuen bezala, baina bide demokratiko hutsetik abiatzeko baldintzak badaude dagoeneko. Luze joko du seguru asko, baina demokraziaren muga bakarra herritarren borondatea dela erakusteko aukera bikaina dago aurrerantzean. ETAren erabakiaren ondoren, ordea, badira lehenbailehen egin beharreko beste urrats batzuk, eta horietako lehenbizikoak Estatu espainolari eta frantsesari dagozkie. Aieteko Adierazpenak eta harekin bat datozen guztiek, alegia, euskal herritar gehienak ordezkatzen dituztenek argi eta garbi ikusten dute gatazkaren ondorioen gaineko elkarrizketa ezinbestekoa dela, eta halaxe gomendatu zuen Tony Blair lehen ministro ohi britainiarrak ere «The New York Times»-en argitaratutako artikulu batean.

Denetariko erreakzioak izan dira nazioartean, eta denek jo dute bakeranzko pausotzat ETAren adierazpena. Europako Batzordeak, gainera, «elkarrizketa sustatzeko laguntza» eskaini du. AEBetako Estatu Departamenduko bozeramaile batek, Etxe Zuriaren baloraziorik gabe ere, bakeranzko «pauso historikotzat» jo zuen euskal erakundearen erabakia, eta orain, erakunde terroristen zerrendatik ETA kendu behar al duten galdetuta, lehenik eta behin erabaki hori egiaztatu egin beharko dutela erantzun zuen. Gutxienik bitxia da AEBetatik egiaztapenaren beharra aipatu izana, Gobernu espainolak ETAren su-etenaz geroztik izan duen jarrerarekin alderatuta behinik behin, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak eskatu eta erakunde armatuak onartu zuen egiaztapena egiteari uko egin baitzion, gatazkak nazioarteko dimentsioa hartuko zuen beldur gaindiezina dela-eta.

Estatu espainolak kudeaketa negargarria egin du su-etenaren eta oro har ezker abertzaleak abiatu zuen prozesu demokratikoaren aurrean. «Irmotasunez» eta «zuhurtziaz» mozorrotu nahi izan zuen bere immobilismoa, baina ezker abertzalearen alde bateko erabakitasunarekin egin zuen topo. ETAren agiriaren ostean, Rodriguez Zapaterok esan zuen azaroaren 20ko hauteskundeen osteko gobernuari dagokiola etapa berria «gidatzea»; hala ere, badira zenbait ekimen zertan gobernu berriari itxaron ez dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo