GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Garaipena ospatzeko modu bitxia

Demokraziaren izenean, eta mundu zibilizatuaren bonbardaketen laguntzarekin, Muammar Gaddafi lintxatu zuten egunean, ETA erakunde klandestinoak bere jarduera armatua bukatzeko erabakia jakinarazi zuen, ezker abertzaleak zabaldutako prozesu demokratikoak eskatu zion bezala. Eman lezake astebete eskasean, lau egunean, zabaldu dela agertoki berria, baina gogorarazi beharra dago lan luze eta gogor baten ondorio izan dela. Mendean gaituzten estatuek jazarri eta (zorionez, alferrik) oztopatu duten lan eskerga.

Hala ere, 2011ko urriak 20 zituela zabaldu zen aro berrira oraindik bakea eta normalizazioa ez dira iritsi, ezta hurrik eman ere. Oraindik badiraute indarkeriak eta lagun askoren eskubideek urratuta, eta gatazka politiko zaharrak bere horretan segitzen du. Egoera hori bertan behera utzaraztea da orain lehentasuna. Herenegungo albistea oso ona da, zalantzarik ez, euskal gizartea itxaropenez betetzeko modukoa, baina inondik inora ez bertan goxo-goxoan gelditzeko modukoa; aitzitik, herritarron protagonismoak inoiz baino handiagoa izan behar du. Gaur bertan, Bilbon, hala izango dela erakusteko aukera paregabea dugu.

Bitxia begitandu zait ETAren agirira arte Gobernu eta alderdi espainiarrek izan duten jarrera. Barbaroen zain zeuden haiek bezala, geldirik iraun zuten borroka armatuaren amaiera eskatuz. Asteon, berriz, -barbaroak ez zirela iritsiko sumatu zutenek bezala- atsekabetuta ikusi ditugu borroka armatuaren amaiera hurbil sumatuta («Eta orain zer gertatuko zaigu barbarorik gabe?»), ziurgabetasun bera erakutsiz. Bitxia, halaber, ondorengoa. Agiriaren balorazio positiboa egin zuten gehienek; hala ere, denek «garaipena» beren eginda. Arras ezaguna da «Las bicicletas son para el verano» Fernando Fernan Gomezen antzerki lanaren bukaera: protagonistaren semeak aitari bakea iritsi dela diotsonean, hark ezetz erantzun dio, garaipena iritsi dela. Gauza bera iritzi diote horiek guztiek, beren burua garaileen bandoan kokatuta, ordea. Oso joera espainiarra dirudi. Euren aurpegiek, baina, atsekabea eta are haserrea erakusten zuten. Garaipena ospatzeko modu bitxia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo