GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Beñi Agirre Euskara irakasle eta Nabarraldeko kide

Euskaraz gutxi Biltzarrean

Euskararen normalizazioak eremu berriak irabazi behar ditu. Euskara beraren estandarizazioaz eta hezkuntzaren munduaz gain, egin egin dira aurrerapenak lan munduan, aisialdian... baina asko du oraindik irabazteko

Oñatiko Historialarien II. Biltzarreko ponentzien izenburuak ikusita, euskararen presentzia urria izan dela ondorioztatu dute batzuek. Baten batek, euskara-gaztelania portzentajea atera eta prentsa-ohar kritikoa egiteko ere baliatu izan du.

Bihoaz lerro xume hauen bidez gauzak zuzen egiten ari direla uste duenaren ez aitzakia, iritzia baizik.

Hainbat elkarteren laguntzaz Nabarraldek antolatu duen Historialarien Kongresua ez da adituen ponentzietara mugatu. Oñatiarren ekimenez antolatutako ekitaldietan: batxilergo ikasleekin saio didaktikoa, helduekin afari tematikoa, kooperatiba-enpresa batean hitzaldia, erakusketa, Joseba Tapiaren kontzertua..., denak, %100 euskaraz izan ziren.

Oñati ezagutzeko bi bisitaldi gidatu antolatu ziren Biltzarrera bertaratutakoekin. Biak oñatiar euskaldun jakintsuen eskutik. Bata, euskaraz; eta bestea, gaztelaniaz. Ponentziak, berriz, honela izan ziren: 14 gaztelaniaz (%70) eta 6 euskaraz (%30). Aitzakiatzat har daiteke, baina, «Berria» eta Euskal ITB izan ezik, abertzaleen gainerako hedabide nazionalak, zoritxarrez, ez dira arrimatu ere egiten portzentaje horietara. Eta ez dirudi joera aldatzeko inongo asmoa dutenik.

Aitzakiak aitzakia, elkarte batean bildutako jendearen euskalduntasuna neurtzeko portzentajeak erabiltzea, testuingurua, prozesua, joera, jokaera, mezua eta beste hainbat aldagai kontuan hartu gabe, bidegabea ez ezik, «motza» ere iruditzen zait.

Adibidez: denok dakigu sortu berria zen Euskaltzaindia hartako biltzarrak eta euskarari buruzko lehen lan gehienak gaztelaniaz egin zirela. Zorionez, gaur egun euskararen gainean lan egiten duten adituak, portzentaje handiz, euskaldunak dira. Horri esker, Euskaltzaindiaren biltzarrak eta argitalpenak, itzulpenak kanpo, portzentaje handiz euskaraz sortuak dira.

Ibilbide luzea egin da. Garaiko egoera halakoa zen eta orain bestelakoa da. Gaur egun Euskararen Errege Akademiari asko eta alde askotatik kritika dakioke; gutxi, ordea, bere xedea den euskararen erabileran. Gauza bera Nabarralderi, berean. Euskal Herriaren historiaren gainean ikerketa lan garrantzitsuetan ari diren aditu askok atzerriko unibertsitateetan edo gaztelaniaz edo frantsesez egin dute prestaketa. Ez dakite euskaraz, ez da aitzakia, errealitate gordina baizik.

Euskararen normalizazioak eremu berriak irabazi behar ditu. Euskararen beraren estandarizazioaz eta hezkuntzaren munduaz gain, egin egin dira aurrerapenak lan munduan, aisialdian... baina asko du oraindik irabazteko; horien artean, gure herriaren identitate eta nazio ikuspegitik historiaren narrazioa egiten ari direnena, zalantzarik gabe.

Egon badira gure herriaren identitate eta nazio ikuspegitik ez, baizik eta Espainiaren eta Frantziaren egungo estatu quo-a justifikatzen duen historiaren bertsioa ematen dutenak euskara dotorean. Edozerk, baina, ez digu balio.

Agian, etorkizuneko Euskal Unibertsitate nafarretik eta besteetatik aterako diren historialari eta ikertzaile askok euskaraz ondo baino hobeto egingo dute. Herri honen identitate eta nazio ikuspegitik jada ari diren ikertzaileekin batera euskararen portzentajea handitu egingo dute; baina oraingo egoera ez da halakoa, egin dezagun lana etorkizunekoa bestelakoa izan dadin. Nabarralde horretan ari delakoan nago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo