GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako ostatu eta jatetxeek goizeko ordu bietan ixten ahalko dituzte ateak berriz ere

Ostatuak ixteko ordutegiei buruzko dekretua baliogabetu du Baionako Herriko Etxeak. Goizeko ordu biak arte irekirik egoteko aukera izanen dute ostatuek astelehenetik goiti. Ostalariek, herritarrek eta Herriko Etxeak «gaueko bizi kalitateari buruzko» ituna izenpetu zuten atzo.

p024_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Baionan urtebetez egon da indarrean ostatuek astean zehar gaueko hamabi eta erdietan itxita behar zutela zioen dekretua. Epe horretan, «elkarbizitza» bermatzeko, ostalarien, herritarren elkarteen, Herriko Etxearen eta suprefetaren artean eztabaidak izan dira, eta, atzo akordio batera iritsi direla jakinarazi zuten. Bederatzi puntuz osaturiko «Gaueko bizi kalitateari buruzko ituna» izenpetu dute.

Baionako Arevie herritarren elkarteak duela bi urte agerian jarri zituen gauez Baiona Ttipi eta Handiko hainbat karriketan izaten ziren arazoak. Atzo, elkarteko ordezkariek Herriko Etxeak martxan jarri ekimenarekin bat egiten zutela azaldu zuten.

«Herritar askorentzat jasanezina bilakatzen ari zen egoera batez ohartarazteko ezarri nuen ostatuen irekitzeari buruzko debekua. Guztion parte hartzeari esker, egoera asko hobetu da, beraz, dekretua baliogabetzea erabaki dut», nabarmendu zuen Jean Grenet auzapezak.

Ostatu eta jatetxeek, beraz, goizeko ordu bietan ixten ahalko dituzte ateak aste osoan zehar berriz ere, baina horren truke itunaren edukia errespetatu beharko dute.

Neurri zehatzak

Itun horretan, besteak beste, ostalari eta jatetxeei hainbat neurri hartzea eskatu diete, horien artean, hosgabetzea ziurtatzea eta gauez ostatuen ateen itxiera bermatzea, azantza ez dadin karriketara hedatu.

Itunaren irizpideak kontuan hartzen ez dituzten ostatuek administratiboki ixteko arriskua izango dute. Atzo, jakinarazi zutenaren arabera, urtebetez itxirik gera litezke horiek. «Ordena, segurtasuna eta higiene publikoa zaintzeko engaiamendua» eskatu diote suprefetari dokumentu horretan, eta haren esku izango da ostatuen aurkako neurriak hartzea.

Txostenak beste puntu batzuk ere jasotzen ditu, horien artean, gazteei begirako prebentzioa eta kultur ekimenen aniztasuna bermatzea.

Bestalde, itunaren sinatzaileen eta gauean karriketan ibiltzen diren gazte eta helduen artean bitartekari lana egiten gazte talde bat arituko dela azaldu zuten. Gazteek egoitza bat izango dute Baiona Ttipian.

Azkenik, itunean aipatuak diren neurriak errespetatzen direla zaintzeko sustapen talde bat sortuko da. Ituna izenpetu duten egitura guztien ordezkariek parte hartuko dute talde horretan, baita gazteek ere. Bi astetik behin bilduko dira eta beren zeregina egoera aztertzea eta horren araberako neurriak hartzea izango da.

Labela

Atzo izenpetutako ituna berresten eta, bereziki, errespetatzen duten ostatu eta jatetxeak labela jaso ahalko dute. Label hori eskainia izango zaie, eta, ostatu eta jatetxeetako hormetan jartzen ahalko dute.

Prebentzioa

Baionako auzapezak prebentzio lana egin behar dela adierazi zuen atzo, ituna sinatzeko ekitaldian. Gizarte mailan lanean ari diren elkarteak gauez karriketan ibiliko direla azaldu zuen Grenetek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo