Asteko Elkarrizketa | jose mari sagardui «gatza»
«Pazientzia bertute iraultzailea ere bada»
Belaunaldi bereko beste gazte asko bezala, herriak kezkatzen zuen. Konpromisoak ETAn sartzera bultzatu zuen. 22 urte zituela, atxilotua, torturatua eta espetxeratua. «Galtzeko gutxi eta irabazteko asko» zuela, Granadako kartzelatik ihes egiten saiatu zen. Huts egin zuen, baina ez zuen etsi. Ia 31 urte eman ditu kartzelan. Europan espetxean denbora gehien pasa duen preso politikoa da. Pazientzia handikoa eta irmoa izanik, zama horrek ez dio burua makurrarazi. Eta kartzelak bera baino berak garaitu du kartzela.
Fermin MUNARRIZ I
Hondartza... Harea ukitzea, igeri egiten jakitea... Orain arte ez dut jakin; irten nintzenean ikastaro bat egin nuen igeri egiten ikasteko, eta jada mantentzen naiz, eta plazer bat da niretzat. Orain hondartzara joaten naizenean, uretan ibiltzen naiz; edo mendiko errekan ere sartzen naiz jada inolako beldurrik gabe. Horrelako ametsak nituen: harean ibiltzea, igeri egitea...
Zirrara egin zizun itsasoa ikusteak?
Izugarria izan zen espazioa eta horrelako itxura ikustea; liluratuta gelditzen zara hainbesteko handitasunarekin. Eta berriro ikustean, zure buruko erregistroan hartzen duzu berriz ere.
Nolakoa da gaur Jose Mari Sagarduiren ohiko egun bat?
Ba, altxatzen naiz, gosaltzen dut eta gero gustatzen zait bizikleta hartzea eta buelta bat ematea. Asko gustatzen zait bakardadea, neure buruarekin galderak egitea, lasai egotea... Etxean ere egoten naiz, amarekin denbora ematea gustatzen zait, baina hortik ere ihes egitea ere gustatzen zait pilo bat.
Zure irteeraren unea: poltsa lepoan zintzilik, ukabila altxatuta, lasai... eta bat-batean, zure alaba Goiztiri, salto bat eginik, zure besoetara. Lehen besarkada espetxetik kanpo 31 urteren buruan. Nolakoak izan ziren momentu horiek?
Ez nuen itxaroten hainbeste. Agian, kanporantz begira, lasaitasuna zirudien, baina barruan daramatzazu zure gauzak... Asko eutsi behar izan nuen, zeren emozio handiak ziren, eta norberak disimulatu behar zuen sentsazio pilo bat, baina zoragarriak izan ziren momentu haiek. Gero jende asko hurbildu zait galdezka, oso babestuta sentitu naiz. Hurbiltasun hori ikustea plazer bat izan da niretzat.
Hiru hamarkada hauetan asko aldatu da gizartea. Zer da gehien harritu zaituena kalera ateratzean?
Dena, dena... Niretzat dena handia izan da. Adibidez, utzi duzuna lehen bezala aurkitzea... Eta ohartzen naiz bazter guztietan jendea ere interesatzen dela kartzelako egoeraz, eta barruan ikusten ez dituzun gauzak hemen apreziatu ditut. Kartzelarako bisitetan kontatzen dizkizute kanpoko gauzak, baina gero norberak ikusi behar ditu bere begiekin. Niretzat satisfazio ederrak izan dira.
Eta ongietorri publikoa? Galarazi egin zuten arren, eta Poliziaz inguratuta egon arren, jendetza bildu zen apirilean Zornotzan zu agurtzeko. Zer sentitu zenuen egun hartan?
Zoragarria izan zen niretzat, eta jende guztiarekin brindatu nahi nuen. Etxera heldu nintzenean atera nintzen balkoira, eta Euskal Herri osoa, han zeudenak, ezin zutenak etorri eta denentzat brindis orokorra egin nuen, sentimendu abertzalea duten guztientzat eta motibazioa politikoak dituztenentzat, gure herriarentzat...
Suposatzen dut momentu horietan espetxeetan gelditzen direnekin gogoratuko zinela...
Pilo bat, pilo bat.... Lagun asko dira. Emozio biziak izan ditut. Haiekin sentitu naiz beti, haiekin asko ikasi dut, nik ere aportazioak eman ditut eta izan ditugun elkarrizketak oso handiak, itzelak, politak eta sentimendu handikoak izan dira.
22 urte zenituelarik atxilotu eta sartu zintuzten kartzelara. Pentsatu al zenuen inoiz hain luzea izango zela bidea?
Ez, inoiz ez. Han, hasieran burua kalean daukazu; gero, apurka-apurka, bazoaz asimilatzen egoera. Heltzen dira egunak, urteak, eta gero esaten duzu «hau luzatzen ari da». Asko luzatzen da eta zeure burua erregistro luzean jarri behar duzu, egoera horiek aguantatzeko.
Dena den, bide horretako hasiera ere oso gogorra izan zen. Bederatzi egun inkomunikatuta eta torturatuta...
Oso latza izan zen. Hango egoera, inpotentzia, ez duzu babesik... Salduta zaude. Komisarian beraien eskuetan zaude. Ez duzu lorik egiten... Baina astiro-astiro bazoaz asimilatzen gauzak.
Ba al zenekien zure aita Indautxuko komisariaren inguruan bueltaka ibiltzen zela egunero, zure izena oihukatzen, indarra emateko?
Orduan ez, zeren inkomunikazioan ez zaituzte ipintzen denak toki berdinean, baina nirekin zegoen lagun batek gero esan zidan. Bera zegoen tokitik entzuten zion nire aitari «Gatza!» oihukatzen.
Suposatzen dut momentu latz asko bizi izan dituzula barruan. Zeintzuk izan dira gogorrenak?
Momentu larrienak egunerokoak dira. Beti badira, baina gehienbat borrokak egitean, limitera eramaten zaituztenean, poliziek edo funtzionarioek tentsioa sortzen dizutenean. Dena da inpotentzia, estresa... Dena oso neurri altuan bizitzen da.
Behin baino gehiagotan aurre egin behar izan diezue funtzionarioei zuen eskubideak defendatzeko. Oso egoera bortitzak bizi izan dituzu?
Bai... Jipoitua izan naiz bost aldiz. Beti protesta egiten genuen, euren karrilean sartu nahi gintuztelako; baina guk ez genuen onartzen, zeren gauzek mugak dituzte eta ezin da dena onartu... Egun batean esaten duzu «neurriak honaino heltzen dira eta hemendik aurrera ezin dira pasatu», zeren bestela jan egiten dizute zure terrenoa, eta zeure nortasuna mantendu behar duzu barruan.
Hamahiru gose greba egin dituzu. Zerk eramaten du preso bat horrelako muturreko ekimena burutzera?
Egoera, zapalkuntza, urruntasuna, dispertsioa... Dena da. Akumulatzen diren gauzak dira. Aurre egin behar duzu eta errebindikazioak egin behar dituzu zure nortasuna, kolektiboaren nortasuna mantentzeko eta zapalkuntzaren pean ez egoteko. Horregatik eramaten duzu hain limitera borroka.
Oso latza da; azken finean, osasuna da presoak duen bakarra...
Horrela da, baina tresna askorik ez dago kartzelan. Hori da bat, latzena agian, baina bueno... Txapatuta [giltzaperatuta] egotea ere latza da, baina bai, gose grebak oso gogorrak dira.
Heriotza presente al dago nolabait horrelako egoeretan?
Han dena da biziraupen hutsa. Beti aurrera egiten duzu. Norberak irauten du aurrera bere moduan; preso gaixoak gehienbat. Nik nahiko zorte eduki dut gauza horietan, gaixorik ez naizelako egon, baina hurbiletik ikusi ditut preso larriak eta harrituta gelditu naiz. Beti jolasten dute beraiekin. Eta gainontzekoak beti gabiltza zer edo zer egiteko prest, baina beraiek «lasai egon»... Kolektiboa beti erne dago halakoetan.
Beti entzun dugu lekualdaketak oso gogorrak direla, bortitzak direlako, jipoiak gertatzen direlako...
Beti irainak daude presoekiko, beti irain handiak. Urtean zehar umiliazio pila bat daude... Trasladoak beti bereziak dira. Adibide gisa kontatuko dizut gertatu zitzaidan pasarte bat. Behin traslado batean, gauez, guardia zibil batek esan zidan «zer moduz korrika egiten badugu?». Nik ez nion erantzun, baina eskuburdinetatik hartu ninduen eta hasi zen korrika egiten eta ni txankletetan arrastaka, eta horma baten kontra bota ninduen... Bueno, horrelako gauzak gertatzen dira. Ohikoak dira irainak.
Eta bizipenen artean, oroitzapen gozoak ere atera ditzakezu?
Bai... Neska-laguna aurkitu nuenean, umea eduki genuenean... Berrogei urteetara heltzen zarenean, agian, galdutzat ematen duzu, eta bat-batean horrelako sorpresak sortzen dira. Harrigarriak eta politak dira, eta ilusioa handia sortzen dizute.
Suposatzen dut kideen artean mundu berezia sortuko dela...
Oso harreman onak dira. Azken finean, anaiak bezala gara. Barruan zintzotasuna erakutsi behar diezu eta beraiek zuri. Erreziprozitatea dago. Hainbeste urtetan babesa behar dugu, eta norbera bakarrik hainbeste urte irauteko ez da gai. Bakoitzak bere ekarpena egiten du. Kartzelan egonda hainbeste urte, inork ez daki nola aterako den. Eragin psikikoak ere handiak dira. Beraz, lagunen artean elkarrizketa politak sortzen dira, maitagarriak, zintzoak, bibrazio onekoak. Hori asko eskertzen da. Besteek ere onartzen dizkizute zure gauzak.
Zer da zuretzat kidetasuna?
Besteak ulertzea, laguntzea, zintzoa izatea... Eta beraien sekretuak eta norberarenak gordetzea.
Denbora luze eman duzu bakartuta. Nolakoa da isolamendua?
Isolamenduak dibertsitate asko dauka. Batzuetan bakarrik egotea da, beste batzuetan lagunekin; baina beti toki apartekoak dira, zeru gutxi ikusten duzu, patio laburrak izaten dira eta errepresioa ere gogortzen da. Ez dut esan nahi moduluetan existitzen ez denik, baina isolamenduan oso toki murritzak dira, eta txakurrek kristoren fijazioa dute norberarengan. Moduluetan ere egun latzak pasatzen dira.
Duela gutxi, Espainiako igandekari batean infernutzat jotzen zuten isolamendua...
Ni gehienetan egon naiz 20 ordu: 4 patioan eta 20 itxita ziegan. Espazio gutxi dago, eguzki gutxi sartzen da leihotik, harresiak hurbil egoten dira ez ikusteko... Edo inolako motibaziorik gabe jartzen dute harresi bat ikusmena murrizteko. Limitazio asko dauka isolamenduak: ibiltzeko, kirola egiteko, beti oso toki eskasa. Isiltasuna ere... Isolamendua isiltasuna da gehienbat.
Gaia aztertu dutenek isolamendua tortura zuria dela diote...
Bai. Pertsonak isolamenduan sartzen dituzte inseguritatea sortzeko.
Paziente izaten ikasten al da?
Ez dago beste erremediorik... Askotan nahi dituzu gauzak azkar, baina kartzelan pazientzia askorekin egin behar dituzu. Pazientzia handia gainera, orekan ere egoteko norberarengan.
Zer da pazientzia?
Hori ezin da neurtu... Pazientzia bertute iraultzailea ere bada.
Eta itxaropena zer da?
Itxaropena ilusioa da, askatasuna da, libre izatea herrian, denok libre izateko... hori da itxaropena.
Adituek diotenez, presondegiko politikak presoa apurtzea eta damuaraztea du helburu... Pentsatu al zenuen noizbait «honaino ailegatu naiz, ezin dut gehiago»?
Kartzela ez da beti lineala, baina gauzak nondik datozen ikusi behar duzu, eta norberak ikusten du nola eraman eguneroko bizimodua hori guztia gainditzeko, zeren hormigoia eta etsaiak norberaren desgasterako daude. Hori da helburu guztia. Norberak jarri behar du buruan nola eraman hori aurrera eta ez erori.
Nondik ateratzen du presoak aurrera jarraitzeko indarra?
Indarra herriak ematen du. Lagunek, bisitatzera etortzen direnek, gurasoek... Beti eramaten dizkizute ilusioak. Horrela errazago da trabak gainditzea.
Horraino eraman zintuen motibazio politikoak ere laguntzen al du?
Bai txikitatik sentimendu hori eduki dut. Ametsak... Eta ilusio horrekin ibili gara. Beti izan dut hori sartuta buruan.
Ikusiko duzu Euskal Herri independentea?
Ilusio horrekin gabiltza... Guk ez dugu nahi Espainiaren menpe egon, ezta Frantziaren menpe ere, eta hori lortzeko ari gara borrokatzen.
Nola jasotzen dira kartzelan berri mingotsak: atxiloketak, senideen heriotzak, istripuak...?
Inpotentzia sortzen dizu; nik zorte handia izan dut, baina ikusi ditut lagunek pasatutakoak eta norberak daki nolakoa den. Esperientzia propioak dira. Sentitu bai, asko, baina jakin pasatu duenak bakarrik daki.
Zer da presoentzat senide eta lagunen kemena?
Asko da. Hori da zure kondena laburtzea. Zigorra laburtzen dizute pilo bat. Barruan trabak dira denetarako, eta, adibidez, karta bat jasotzea izugarria da. Oso polita da kontakizunak jasotzea, harremanak sortzea... Oso ederra da eta hori eskertzen da.
Eta kalean burutzen diren mobilizazioen berri jasotzea?
Oso ondo dator. Preso dagoen batentzat mobilizazioak daudela jakitea oso ona da; bestela, barrutik ere gehiago borrokatu behar da mugitzeko. Kalean mugimendua dagoenean, barruan ere lasaiago zaude. Komatxo artean esaten dut «lasaitasuna».
Batzuetan, presoen aldeko mobilizazioak kartzeletako harresietaraino ailegatu dira. Adibidez, Herrera de la Manchan...
Ni han nintzen orduan, gogoratzen naiz. Oihartzunak entzuten genituen eta animoak ematen zizkiguten. Guk ere pankarta bat atera genuen leihotik. Eta gauza horiek ailegatzen direnean, hondoraino sartzen dira eta ez dakizu nola eskertu. Barruraino sartzen da ilusioa. Ezin duzu erakutsi norainoko poztasuna sartzen dizuten horrelako gauzek. Neurririk ez dute, baina handiak dira, bai.
Atera zinenetik egon al zara manifestazio erraldoiren batean?
Egon naiz batzuetan: Bilbon, Iruñean sanferminetan presoen senideekin, Donostian ere bai... Itzelak dira.
Barruan irudikatzen zenuen horrelakoak izango zirela?
Ez nuen imajinatzen halakoa izango zenik. Ni egunero ari naiz jasotzen erreferentziak, erreflejoak, eta itzalita nituen gauzak orain ari naiz jasotzen. Guztia. Nolabait eraikitzen ari naiz nire bizitza berriro ere.
Zerk bultzatu zintuen ihesaldia prestatzera Granadako kartzelan zeundelarik?
Askatasuna behar duzu. Galtzeko gutxi eta irabazteko asko duzula aztertzeak konklusio horretara eraman ninduen. Kontu- ratu nintzen kartzelan hamahiru urte neramala jada, eta pentsatu nuen bizitza guztia edukiko nautela. Ordun pentsatu nuen hemendik irten behar nuela. Eta kalea hor bertan zegoen. Hain erraz ikusten nuen... Erraza zela pentsatzen nuen, baina sortutakoa sortu zen.
Lehen harresia gainditu nuen, goitik pasatu nuen eta juxtu heltzeko nintzela, hiru metro falta zitzaidanean, jaisterakoan «errezinto» deiturikora erori nintzen. Larria izan zen: hezurrak apurtuta, petxu guztia ubelduta, kolpe asko... Antikoagulantea txertatu behar zidaten odola ateratzeko bularretik... Baina, bueno, «libratu» nintzen.
Funtzionarioek edo kartzelako zuzendariek egin al dizute inoiz presioa edo xantaia damutzeko edo zure egoera pertsonala hobetzeko? Ohikoa al da horrelako presioa?
Bakarren batzuk heltzen dira, baina norberak badaki ondo moztu behar duela. Etortzen direnean moztu egin behar duzu, erradikal, kontsekuentzia guztiekin, gainera; zeren galtzeko gutxi daukagu han bertan. Ez dugu behar horrelako istoriorik.
2000. urtean atera behar zenuen, baina zigor moduan luzatu zizuten kartzelaldia, lehen aldiz 2009ra arte eta gero 2011ra arte... Nola hartu zenuen momentu horietan?
2009an ez neukan paperik eta gogoratzen naiz familia egon zela Andaluzian, baina esan nien: «Ez hurbildu kartzelara, ez naizelako irtengo». Banekien luzatuko zela, nire abokatuek ez zeukatelako papera. Epaitegi batean zegoen hautsa hartzen...
Mendekua al da?
Bai. Han sartzen zarenetik zaude jada mendekupean. Dena da mendekua: egunero atea ixtea. Beraiek zabaltzen dute, eta gaur zuri tokatzen zaizula patiora ateratzea eta bihar ezetz erabakitzen dute... Deskontrola nahi dute norberengan.
Kartzelan zeundelarik ezagutu zenuen gaur egun zure emazte eta zure alabaren ama den emakumea. Nola gertatu zen?
Bera andaluziarra da eta bere elkartasuna ematera etortzen zen. Lotura handia sortu zen eta apurka-apurka joan zen estutzen gure harremana eta oso gustura sentitzen ginen. Eta gaur arte... Asko dut eskertzeko Kontxari, eta alabari ere bai.
Momentu batean erabaki zenuten haur bat edukitzea. Zer izan zen zuretzat Goiztiri jaiotzea?
Niretzat beste mundu bat irekitzea izan zen, mundu eder bat. Bizitza horrela doa, apurka-apurka, bere ahotsa entzuten...
Berak ere laguntzen al dizu kanpoko bizitza ezagutzen?
Pilo bat maite dugu elkar. Berak bere espazioa lortu nahi du eta nik neurea; ni naiz etxera ailegatu den azkena... Kasu handia egiten dit, nahiz eta diskusioak egon, baina hori normala da.
Hainbeste urte eman eta gero, kartzelatik ateratzean elkarbizitzen ikasi egin behar al da berriro ere?
Bai, oso diferentea da dena, oso ezberdinak dira egunak: kanpokoak ere ohituta daude minutu gutxi egotera zurekin, eta zuk egun osoa duzu. Erabat diferente dira. Barruan balio zuenak hemen ez du balio. Hemen beste erlazio mota bat da, beste arazo klase bat ere bai, egunerokotasuna guztiz ezberdina da.
Geroari begira baikorra al zara?
Bai, beti, dudarik gabe. Euskal Herria beti izan da berezia eta jendea ere berezia gara eta nortasun handikoak.
Zure aitak esan zuen: «Mutila burua tente eraman zuten eta berdin bueltatuko da»...
(Irribarrea) Bai... Ondo esan zuen, bai, ez dago dudarik.
Zer da zuretzat askatasuna?
Ezin dut deskribatu. Zure bizitzan faltatzen diren gauza batzuez ez zara konturatzen, baina gero lortzen duzunean edo joaten zarenean ikusten faltan botatzen duzu askatasuna, libre egotea, inolako oztoporik gabe nahi duzun tokitik ibiltzeko. Oraindik ez gara aske. Herri bahitu batean ez gaude aske, bahituta gauden bitartean. Egunen batean izango gara aske; libre gara baina aske ez. Diferentzia pixka bat dago hor.
Lehen esaten zenuen ez zenekiela nola eman eskerrak borrokatzen zen jendeari. Orain jendeak zuri eskertzen dizu...
Jende askok, denetarik, baina nik ez ditut behar; barruan daudenek baizik. Barruan daudenei lagundu behar diegu.
Hilabete batzuk pasatu dituzu kalean. Kanpoko bizitza ezagutu duzu. Zer esango zenieke barruan jarraitzen dutenei?
Ba gauza asko daudela ikusteko. Kalean egon arte ez dira ikusten. Hori esango nien. Esperientzia propioak eta politak pasatuko dituztela.
Orain kalean zaudenean gogoratzen zara atzean utzitako bizitzaz?
Bai, kideekin gogoratzen naiz. Batzuei idazten diet edo telefonoz hitz egiten dugu noizean behin. Ezin ditut ahaztu. Barruan harreman sendoak sortzen dira eta irauten dute.