Rikardo Arregi, deia, 2011/10/26
Gaddafi eta gu
(...) Historiak, postmodernitatean, epaiketa serio eta transzendentalak baino nahiago ditu, antza, paradoxak, ironiak eta mota guztietako txisteak, txarrak batez ere.
Azkar hil dute Gaddafi, eta oso modu txarrean (Ceaucescu-ri epaiketa moduko bat antzeztu zioten behintzat). Ez zen Gaddafi ni bereziki hunkitzen ninduen pertsona, baina haren hilketak zer pentsa ematen du. Telebista batzuetan Gaddafiren hilketari ez diote hilketa deitu, exekuzioa baizik: hilketa legezkoa (sic) izendatzeko asmatu zen lehen hitz politikoki zuzenetako bat. ETAk ere exekuzio hitza erabili zuen. Hilketa bati exekuzio deitzen zaionean odola kentzen zaiola ematen du, odolak dena zikintzen baitu. Nolanahi ere, exekuzioa deitzea Gaddafirenari gehiegizkoa dela iruditzen zait, Libiako agintari berriei egindako opari interesatua. Hilotzarekin egin dutena makabroa izan da benetan.
Askoz interesgarriago izango zen Gaddafi epaileen aurrean ikusi izan bagenu, Gaddafik gauza asko izango zituen kontatzeko: Lockerbie-koa, bai, baita Berlusconi, Sarkozy edo Aznar jaunekin izan zituen itunak eta akordioak ere. Agian horrexegatik komenigarria zen jende askorentzat Gaddafi lehenbailehen hiltzea, eta ez bakarrik matxinatuen mendeku gosea asetzeko. Egiak galdu du, egia galdu dugu. Ez dut esaten Gaddafik egia osoa kontatuko ziela nazioarteko epaileei, baina, gutxienez, egiatik gertuago egongo ginateke.
Hemen, Euskal Herrian, egia gose gaude. Ez dut esaten egia osoa, Egia, ezagutuko dugula berehala, baina elkarbizitza, justizia eta barkamena nahi baditugu egiatik hastea komeni zaigu, ez dago beste oinarririk. Badakigu egia absolutura ez garela inoiz iritsiko, baina askoren egiak entzun beharko ditugu hemendik aurrera.