aitor gartzia, Ordiziako Gazte Asanbladaren izenean
Irribarre bat
Pasa den urriaren 22an Ordiziako Gaztetxearen 25. urtemuga ospatzeko egin zen jaialdia edarra izan zen. Edozein txokotan antolakuntzan dabilen edozein izango da kontziente zer-nolako lana eta antolakuntza eskatzen duen holako zerbait egiteak.
Jende batek pentsa dezake, azken finean parranda bat bakarrik izan zela eta hori gustatzen zaigula, parranda, desfasea. Baina guk beste gauza bat pentsatzen dugu, eta hauxe da: Ordizian ikusi zena antolakuntza baten isla izan zen, pertsona talde bat elkartzearen, zerbait proiektatzearen, eztabaidatzearen eta nahi den hori lortzeko behar diren ardurak hartzearen isla. Eta bai, parranda eguna izan zen, baina hogeita bost urteko lanketa bat ospatzeko modu aproposa izan zen, dantzan eta irribarrez.
Lehen aipatutako ezaugarri horiez gain, beste gauza bat ba da, baita, oso garrantzitsua: jende ezberdinaren laguntza eta inplikazioa. Eskerrak eman nahi dizkizuegu, bihotzez, gaur egun asanbladan egunerokotasun batez parte hartzen ez duzuen baina egun hau aurrera ateratzen lagundu duzuen guztioi. Barratan egon zineten jendeari, muntaketan egon zinetenoi, bazkaria prestatzen egon zen etxekoandre fin horri, Porrotxen marrubizko muxuei, Motxila 21ekoek eman ziguten bizitzako lezio horri, frontoi bete jende dantzan jarri zuten musika taldeei... mila esker gure partez. Izan ere, antolakuntza eta ardurak hartzea beharrezkoak diren bezala, zuek erakutsi diguzuena ere beharrezkoa da. Borondatez eta gogoz lanean egon zen pertsona orok merezi du errekonozimendua, bakoitzak bere moduan ekarpena egiten duela jakinda.
Berrehun pertsona lanean egon ginen egun horretarako eta herriko pertsona askorengandik jaso genuen erantzun positiboak asko poztu gintuen. «Jendeak gogoa dauka eta prest dago» jaso genuen, eta hori, benetan, erabat pozten gaituen sorpresa da.
Beraz, eskerrik asko horregatik ere. Jakin baita ere, gaztetxeko ateak zabalik daudela edozein ideia konpartitzeko.
Gazte Asanbladaren izenean animoak eman nahi dizkiogu lanean dabilen edozeini, baita lanean hasi den edozeini ere. Askotan neketsua izan daiteke, baina momentu asko alaitzen ditu. Beraz, horixe, burua astindu eta martxan jarri. Ez bakarrik ospakizunak antolatzeko, noski, baita gai ezberdinen inguruan hausnartzeko, puntu beltzak identifikatzeko eta horiei alternatibak bilatzeko, espazioak birdefinitzeko, auzolana eta elkartasuna potentziatzeko... Lan asko dago egiteko aurretik!
Gure partetik, urriaren 22a irribarre batekin eta eskerrez beteta gogoratuko dugu. Aupa gaztek!