Iker Bizkarguenaga Kazetaria
Nik badakit non egongo naizen
Bai, ni ere tren batean harrapatu ninduen ETAren adierazpenak, Euskal Herritik milaka kilometrora. Baina, segur aski, lehendakaria baino kilometro batzuk gertuago, ordubete lehenago atera baikinen geltokitik. Asko idatzi da Patxi Lopezen bidaiaz, eta ez diot zauri horri gatz gehiago botako. Baina auzi honetan jazotako guztiaren artean, niri benetan deigarria iruditu zaidana halako une historikoan eman duen erantzun eskasa izan da.
Izan ere, tren batean, Pesako autobusean edo Nazio Batuetan, berdin dit non, baina horrelako gertakizun batek tamaina bereko adierazpena merezi zuen. Eta erakunde armatuaren agiriaren aurretik, egun horretan bertan eta hurrengoetan, Ajuria Eneko maizterrak esandakoa oso pobrea iruditu zait. Eta esan behar dut itxaropen handirik ez nuela. Hiruzpalau topiko baino ez, gaur edo duela sei hilabete berdin bota zitzakeenak. Boterea iruzur eginez eskuratu zuenak aukera izan du egoeraz baliatu eta historian txoko bat irabazteko. Eta ez dut esango ez duela irabazi, agian bai, baina ez berak nahiko lukeen moduan.
Azken hamarkadetan gertatu denaren «errelatoak» horrenbesteko garrantzia hartu omen duen honetan, gainera, oso traketsak iruditu zaizkit lehendakariaren adierazpenak. Izan ere, agerikoa da bere karguaren izaera instituzionalari muzin egin eta bere alderdiko buru bezala hitz egin duela, eta ez dut ezer deskubrituko euskal gizartearen gehiengoa auzi honetan PSEren bertsiotik nahiko urrun dagoela esaten badut. Lopezek bere kargua erabil zezakeen iritzi publikoaren pertzepzioa orientatzeko, baina horretarako abileziarik ere ez du izan. Esango nuke hogei urte barru gailenduko den errelatoa ez dela Lopez eta enparauek nahiko luketena izango.
Edonola ere, hasierara itzuliz, bai, nik badakit non egon nintzen ETAk adierazpena egin zuenean, baina ospatzeko ez nuen sagardo botilarik ireki. Izan ere, aukerak guztiak zabaltzen dituen erabaki logikoa izan da erakunde armatuarena, baina ospakizunetan ibiltzeko asko falta zaigu oraindik. Botilek, beraz, freskatzen jarraitzen dute, benetako egun handia heldu arte. Eta egun handi horretan ere badakit non egongo naizen. Eta gero, nire lagunek, kartzelatik atera zirenean non nengoen galdetzen didatenean, atean nengoen, zuen zain, erantzungo diet. Erantzungo diegu. Eta egun hori bai, kolosala izango da.