Julen MURGOITIO
Hiztegiak askatzeko ordua
Hauxe zurrunbiloa bizitzen ari garena! Hitzen zurrunbiloa bizi ere!. Euren artean luzaro mutu antzera jardun dutenak, edo euren gustuko jargoian, derrepentean besteen aurrean berritsu bihurtu eta hitzari eman diote bidea, era soltean. Berritsu bihurtu, hitzontzi. Baina, jakina, gauza bat da hitzaren azaleko ontzia eta beste bat, oso bestelakoa, hitzaren barruko esanahia. Hortaz, inoiz ez bezala dira gaur hitzak hutsak, esanguraz bete arte sikiera. Hitzontzi, huts-ontzi esaera zaharrarena egia izan ez dadin oraingoan. Bai, orri bete lan izango dute aurrerantzean hiztegiek, hizkeraren komodin modura erraz batean bota diren hitzek benetako adiera zein duten, hizkuntzak hizkuntza, argitu beharrean izango baitira, behingoz apalategitik askatuta. Hitzari bidea eman ostean, hitzordua jarri, hitzaldia egin, hitza hartu eta eman, eta ondorioz hitzarmena izenpetu. Hiztegiak askatu, bai, balkoi batzuetako pankartak askatu dituzten bezalaxe, balkoiak berak ere aske utzita, konturatu gabe. Itxura batean, jada ez dugu bakearen beharrik, alehop! egin eta derrepentean pasatu omen baikara bakerik gabeko mundutik bake beteko mundura. Balkoi batzuk askatu bai, ez denak ordea; are gutxiago leihoak. Horietan tinko diraute beste oihal-dei batzuek, indarrez urrunduen herriratzea lau haizetara exijituz.
Bai, zurrunbiloa!. Edonon bilerak, eguna urratzen hasi eta ilundu artekoan, han-hemenka. Zenbat bosteko ez ote diren egunotan luzatu, eman eta hartu ere, harrera-geletan; kasu batzuetan eskularrurik gabe, lehenengo aldiz. On dagitela, zertarako luzatu bestela!. Onerako bedi! sen politikoaren seinale. Hasiera batean taldeka egiten diren bakarrizketak badira ere, amaitu bedi elkarrizketa izaten, hiztegiaren baloreei balioa emateko. Baina hau kolpea! zurrunbiloa zurrunbilo, ba ote da Arabako gas antzeko horretaz, ustez hirurogei urteko energi independentzia bermatuko ligukeen horretaz, akordatzen denik? e? e? enpresa energetiko handietakoak barne? e?. Euskal elizak argitu beza aro hasi berriko misterio hau. Mirakulua omen?. Amen. Portzierto, Meteotart sateliteko argazki batean dut lehengoan ikusia, objektu hegalari ezaguna. A ze tarta oparitu!. Ez esan solidario izan ez direnik, haren eguna izan ez eta, hala ere, tori tarta!. Gozoa zen, gozatuko zuen ordea?.