Txirrindularientzako bideak eskatu ditu Bizik Biarritzeko Autoaren Erakustokian
Bizi mugimenduak protestaldia egin zuen atzo Biarritzeko Autoaren Erakustokian, txirrindulariek pairatzen duten egoera salatu eta agintariekin proposamenak jorratzeko elkarrizketa zabaltzea eskatzeko.
GARA |
Biarritzeko Halled d'Iraty gunean ospatzen ari den Autoaren Erakustokian, «Aucune piste cyclable à Biarritz! Vous trouvez ça normal? Txirrindulari bideak idek!» zioen pankarta handi bat jarri zuten atzo Bizi mugimenduko kideek. Ekintza horrekin, Biarritzen «txirrindularientzat den antolaketa eza» salatu nahi izan zuten.
Ekimena atzo goizean burutu zuten. Pankarta eraikinaren goialdean jartzearekin batera, Bizi elkarteko hainbat kide bizikletan gora eta behera ibili ziren erakusketa guneko pasabideetan zehar, salaketa bera plazaratzeko. Erakusketako bisitarien artean eskuorriak ere banatu zituen elkarte ekologistak. 2010. urtean «Txirrindulari buruzko herritar diagnostikoa» egin zuenetik, behin eta berriro eskatu dio Bizik BAB herri elkargoari elkarrizketak hastea. Elkartearen helburua bizikletaren erabilpena bultzatzea da, horretarako bidegorri egokiak eskatzen dituelarik.
Bi noranzkoko ibilbideak
Elkarteak atzo prentsa ohar baten bidez azaldu zuenez, arestian aipaturiko proposamenen helburua bizikletaren «erabilpena garatzea eta segurtatzea» da. Zehaztu zuenez, «bereziki bi noranzkoko ibilbideak» egokitzea planteatzen dute, eta kokapenak ere iradoki dituzte. Besteak beste, Victor Hugo karrikan, Esplanade de la Viergen, Avenue Joffren edota Espainia karrikan planteatzen ditu Bizik bi noranzkoko ibilbide mugatuak. Bestalde, Biarritzeko hirigunea Angelurekin lotzeko, egina dagoen txirrindularientzako ibilbidea egokitzea ere proposatzen du.
Herritarrei mobilizatzeko deia ere egin zien atzo Bizi elkarteko Eric Lecoutre bozeramaileak, Biarritzeko alkatearekin hitzordu bat izatea ahalbidetzeko. «Biarritzen ez da deus egina txirrindularientzat. Eremu publikoak behar luke hobeki partekatua izan autoen, autobusen, oinezkoen eta, noski, txirrindularien artean», gaineratu zuen.
Azkenik, aurrerantzean ere atzo goizekoa bezalako ekimenak egingo dituela nabarmendu zuen Bizi elkarteak, «Biarritzen egiazko politika baten gogoetatzeko eta plantan emateko elkarrizketen irekitzea lortu arte».