«`Jo ta ke' kantua aldarrikatzeko inoiz baino arrazoi gehiago ditugu egun»
Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida Su Ta Gar taldeko kide sortzaileak dira. 1997. urtean abiatu zuten bidaia, garaiko Euskal Herriko eszenan lurrikara musikala sortuz. Urteen poderioz, euskaraz egindako heavy metal musikan erreferente bilakatu dira, eta eragin zuzena izan dute atzetik etorri diren metal talde askorengan. Hogei urte eta gero, estudioko bederatzigarren diskoa aurkezten ari dira egun.
Koldo OTAMENDI |
Su Ta Gar taldea estudioko bederatzigarren diskoa aurkezten ari da egunotan zuzeneko emanaldietan: «Ametsak pilatzen» (Jo Ta Ke Ekoizpenak). Euskal Herrian heavy metala euskaraz egiten aitzindaria den laukoteak tente eta gogor eusten dio orain dela hogei urte pasatsu irekitako bideari. Musikalki, azken urteotan harturiko norabidean sakontzen jarraitzen dute estudioko azken lan honetan, salaketa eta aldarrikapenez beteriko kantuak jorratuz eta gitarra zorrotz eta erritmo kañeroak bilduz. Taldeak ohikoa duen moduan, Lorentzo Records estudioetan grabatu dute azken diskoa ere, Aitor Ariño soinu teknikariaren agindupean.
Gainera, Su Ta Gar albiste da egunotan baxu jotzaile berria aurkezten ari delako zuzeneko emanaldietan. Hemendik aurrera Igor Diez (Kalte taldeko gitarra jotzailea) arduratuko da Galder Arrillagarekin batera taldearen base erritmikoaz. Diskoa kalean, zuzeneko emanaldiak dira egun taldearen jomuga. Urtea amaitu baino lehen Elizondo, Aiziritze, Gasteiz eta Bermeon izango dira. Euskal Herritik kanpo, berriz, Bartzelona, Tarragona, Lugo eta Madrilen aurkeztuko dute disko berria. Taldearen sortzaile Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida izan ditugu elkarrizketa honetan mintzakide.
Taldeak inoiz egin duen tarterik handiena egin duzue estudioko diskorik atera gabe.
Xabi: Bai. Denbora asko igaro da. Nahi baino gehiago. Guri ere luze joan zaigu, baina ez gara geldik egon. Denbora tarte honetan taldearen hogei urteak ospatzeko bira egin dugu eta DVD+CDa ere argitaratu dugu. 2006ean atera genuen estudioko azken disko hori, eta 2008rako jada ari ginen kantu berriak sortzen. Hogei urteko kontzertu bira arrakastatsua izan zen eta hasieran pentsatutakoak baino kontzertu gehiago jo genituen, sorkuntza prozesua alde batera utziz. 2010eko urtarrilean hasi ginen kantu berriak konposatzen disko berri hau egiteko. Zerotik hasi ginen, hasierako zirriborroak alde batera utzita.
Honakoa, estudioko lehen diskoa duzue Asier Osoron gabe.
Xabi: Kantuak konposatzeko era ez da aldatu. Normalean Aitorrek ekartzen ditu kantuak, eta, gero, lokalean bakoitzak ematen diogu gure ukitua. Beraz, zentzu horretan aldaketarik ez da egon.
Musikalki, aurrekoen isla izaten jarraitzen du disko berriak. Beharbada, inoiz atera duzuen diskorik akustikoena da honako hau.
Aitor: Oso eroso sentitzen gara musika ildo honetan. Jotzeko eta konposatzeko unean gehien maite ditugun erritmoak dira, nahiz eta gero musika mota ezberdin asko entzun. Agian izan daiteke egin dugu diskorik akustikoena. Hogei urteko birak eragina izan du horretan, bai eta azkenean diskoan joan diren kantuen aukeraketak ere. Sortu ditugun kanturik freskoenak bildu ditugu, sortu eta berehala sentsazio baikorrak ematen dizkizuten horiek. Jotzeko teknikoki kantu konplexuak izan daitezkeen arren, freskotasuna mantentzen dute.
Soinu aldetik oso disko koherentea lortu duzue. Oso Su Ta Gar da azken emaitza.
Xabi: «Hegan» introa eta «Zain zure zain» balada kenduta, oso gurea da diskoa. Diskoa orokorrean oso kañeroa da, azken urte hauetan hartu dugun bidean sakonduz. Orain artean disko guztietan abesti lasaiak sartu ditugu, baina «Zain zure zain» ezberdina da sorkuntza aldetik. Besteak, balada heavy nahiko klasikoak izan dira, baino honek baditu giro poperoagoak.
Aitorrek sinatu du disko honetako abesti guzti-guztien musika. Hitzetan, ordea, Iker Rokandio eta Borxaren laguntza izan duzue.
Aitor: Iker gure betiko lagun bat da. Taldearen hastapenetatik dago gurekin eta argitaratu ditugun disko guztietan hartu du parte. Guretzako luxu bat da bera ekarpena. Gure kantu ezagun askoren hitzak bereak dira: «Jo ta ke», «Mari»...
Borxak idatzitako «Kanturik ederrena» oso hunkigarria da.
Aitor: Lehen aldiz letra irakurri nuenean benetan hunkitu ninduen. Beti egiten ditu letra hunkigarriak, eta honakoan bete-betean asmatu du.
Xabi: Gurekin taula gainean ez egon arren, bere presentzia handia da taldean. Beti pasatzen dizkigu letrak, eta, horretaz gain, webgunea eta diseinu lanak ere egiten ditu.
«Ametsak pilatzen» izenburuak Euskal Herrian bizi dugun egoera politiko berriari keinu zuzena egiten dio.
Aitor: Diskoko hitzak idazten ari ginela su-etena aldarrikatu zuen ETAk. Eta orain, diskoa argitara eman dugunean, jarduera armatua behin betiko geratzea erabaki du, beste bideak irekitzen ari direlarik. Egun bizi ditugunak garai berriak dira, itxaropenez beterikoak. «Ametsak pilatzen» kantuak zehazki, eta disko osoak orokorrean, baikortasun puntu bat du.
Taldearen kantu ezagunetariko bat «Jo ta ke» dugu. Oraindik ere indarrean dagoen kantua da honakoa, ezta?
Aitor: «Jo ta ke» kantua jotzeko eta aldarrikatzeko arrazoiak berdinak edo gehiago dira egun. Askotan saldu nahi izan digute hemen dugun arazoa ETA dela, baina hemen arazo politiko bat dago. ETAren amaierak gauza batzuk aldatuko ditu, baina arazoa ez da hemen bukatzen. Espero dugu egunen batean zentzurik ez izatea kantu honek, baina egun, inoiz baino biziago dago kantua. Oraindik ere errepresio gordina pairatu behar izango dugu, baina, hala, ere, baikorrak gara egoera berri honekin.
Zuen ibilbidean amodiozko kantuak izan badiren arren, salaketa eta aldarrikapena izan dira zuen ikur nagusiak hitzak idazterakoan.
Aitor: Taldea sortu zen garaiak asko markatu izan gaitu gure ibilbide osoan. Gu, metal talde bat gara, baina letrak egiterako unean Euskal Rock Erradikalak (RRV) asko markatu izan gintuen. Garai hori gertutik bizi izan genuen eta gure musika egiterakoan bestelako bidea hartu arren, hitzak idazterako orduan joera hori hartu dugu. Ohikoan, metal musikan apenas dago horrelako hitzik. Guk ez dugu asmatu heavy metala. Ezta euskaraz egindakoa ere. Letra aldarrikatzaileak ere ez ditugu guk asmatu. Baina jakin izan dugu hiru joera horiek uztartu eta berezko emaitza bat lortzen.
Eta joera hori beste talde metaleroetara zabaltzen. Gurean sorturiko talde gazte askok Su Ta Gar ezagutu du Judas Priest edo Metallica baino lehen.
Aitor: Agian gu izan gara entzun duten lehen erreferentzia metalean, eta horrek eragin izango zien taldearen norabidea marrazteko orduan. Euskal Herrian metalaren barnean ere joera ezberdinak egon arren, Su Ta Gar taldearen eragina nabarmena da kasu askotan, eta horrek asko pozten gaitu. Mendeku Itxua bezalako taldeak, esaterako, asko gustatzen zaizkigu.
Nola ikusten dituzue azken urte hauetan sortu diren zuen tributu edo omenezko taldeak: Su Ta Ke, Gar Ta Su, Bu ta Gaz...
Xabi: Izenak ezagutzen ditugu, baina ez ditugu zuzenean ikusi. Alde batetik, poztu egiten zaitu, talde erreferentea garela erakusten duelako horrek, baina, bestetik, kezkaz ere ikusten dugu.
Aitor: Taldea zertarako egin duten da benetako gakoa. Lagunen arteko festa bat egiteko bada, ongi ikusten dugu, baina beraien biziera profesionalki ateratzeko helburuarekin baldin bada, ez dugu oso egoki ikusten.
Xabi: Berbena taldeek egiten dutena, esaterako, oso ondo ikusten dut. Gure kantu bat hartu, beste talde baten beste bat, eta horrela osatzen dute errepertorioa. Baina talde baten kantuak eta izena erabili musika munduan bidea egiteko, ez dut oso argi...
Euskal Herrian izugarri banda ezaguna zarete, baina zein harrera izan du taldeak Estatu espainoleko metal prentsa espezializatuan?
Aitor: Gutaz hitz egin dutenek laudorioak jarri izan dituzte, baino ohikoan ez gara azaltzen. Ez dugu diskoetxe heavy bat atzean eta horrek ere eragin du. Ia beti talde berdinak azaltzen dira aldizkari azaletan: Iron Maiden, Judas Priest... Ez da lekurik beste proposamenentzako.
Xabi: Musikalki beti aipatu izan dute maila handiko talde bat garela, baina badira zenbait muga, euskara eta letrak esaterako, beraientzako eskemak apurtzen dituztenak. Metal eszena nahiko itxia da, eta, ezaugarri horietatik kanpo ibiliz gero, zaila izaten da toki bat topatzea.
«Ametsak pilatzen» izena jarri diozue disko berriari. Zein amets geratzen zaio betetzeko Su Ta Gar taldeari?
Aitor: Orain arte bezala jarraitzea nahikoa amets da jada. Kontzertuak ematen eta diskoak grabatzen jarraitzea ametsa da guretzako. Hogei urte baino gehiago daramatzagu errepidean, eta dagoeneko jakin badakigu zein den gure merkatua, eta argi dugu zeintzuk diren gure egungo erronkak. Errealistak gara. Nazio mailan profesionalki zerbait gehiago egitea bikaina litzateke, baina oso zaila dago. Lagun talde bezala joan gaitezke Europara, baina ogibide bezala Euskal Herrian dago gure bizia. K.O.