Baiona
Avironek hasitako bideari eman behar dio jarraipena
Zuri-urdinek ez dute partida ikusgarria egin, baina oso seguru aritu dira bai atzealdean bai aurrealdean.
Jon LEUNDA I
Avironek garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Perpinyaren aurka, eta derbiaren atarian indar handia hartu du. Ez zuen norgehiagoka ikaragarri horietakoa egin, baina irabazteko nahikoa egin zuen. Munduko Kopan izandako jokalari batzuk ere aritu ziren lehen aldiz, eta hori ere asko nabaritu zen.
Etxeko taldea oso indartsu abiatu zen. Aurrelariak sekulako lana eginez hasi ziren, kanpotarrei presio handia eginez, eta, horri esker, 5. minuturako bi zigor kolpe gauzatu zituen. Jokoa apur bat lasaitu ostean, berriro ere erasora jo zuen, eta, hala, 19. minutuan Boyetek bere hirugarren zigor kolpea gauzatu zuen, markagailuan 9-0ko emaitza ezarriz.
Erreakzioa
Emaitza aurka zutela ikusita, kanpotarrek aurrera egin nahi izan zuten, zigor kolpe bat lortuz, baina Avironek beste ostiko batekin erantzun zien, eta aldeak bere horretan jarraitu zuen. Bigarren zatian kanpokoak hobeto aritu ziren, baina Avironek defentsan lan bikaina egin zuen, aldeari ongi eutsiz. Gainera, izandako aukerak ez zituen alferrik galdu.
Amaieran garaipen garrantzitsua lortu zuen Avironek. Arriskuak saihesteko ez du balioko, baina garbi ikusi zen hori dela jarraitu beharreko bidea. Datorren larunbatean derbia izango da Anoetan, eta, atzo lau puntu batuta, lasaiago joango dira baionarrak.